Herriko eragileekin bilera egingo du bihar Udalak

Uztarria.eus 2019ko uzt. 2a, 12:53
Sanagustin kulturgunean egingo dute bilera.

Hainbat arlotan lanean ari diren herritarrekin bilera egingo du bihar, asteazkena, Udal berriak. Sanagustin kulturgunean elkartuko dira, 19:00etan, eta edonork parte har dezake bertan.

Azpeitiko Udaleko arduradun politiko berriek hainbat arlotan lanean ari diren herriko eragileekin bilera egingo dute bihar, asteazkena. Ekainaren 15ean hartu zuten kargua hautetsi berriek, eta eragileekin elkartu nahi dute antolaketa berria azaltzeko eta elkar ezagutzeko. Bilera irekia izango da, eta edonork parte har dezake bertan. 

Gaur arratsaldeko udalbatzarrean 2019-2022 agintaldiko lan arduren banaketak eta izendapenak egingo dituzte, eta Udal berriak, bihar, 19:00etan hasita, egingo du bilera herriko eragileekin, Sanagustin kulturgunean. Bi helburu izango ditu saioak: batetik, elkar ezagutzea eta iritziak partekatzeko espazioa sortzea; eta bestetik, batzordeburu berrien izendapenen eta batzordeen osaketaren berri ematea.