Ines Azpiazu eta Kontxi arrandegia garaile, I. Udaberriko erakusleiho, balkoi eta leiho lehiaketan

Uztarria.eus 2019ko uzt. 1a, 14:12
I. Udaberriko erakusleiho, balkoi eta leiho lehiaketaren irabazleak.

Zapatuan, ekainak 28, izan zen I. Udaberriko erakusleiho, balkoi eta leiho lehiaketaren sari banaketa, Sanagustin kulturgunean. Balkoi eta leiho onenaren saria, Ines Azpiazurentzat izan da, eta erakusleiho onenaren saria, berriz, Kontxi arrandegiarentzat. Kategoria bakoitzean hamahiru pertsonak parte hartu dute lehiaketan. 

Azpeitiko Udalak eta Bertan Merkatari Elkarteak antolatutako I. Udaberriko erakusleiho, balkoi eta leiho lehiaketak baditu irabazleak. Zapatuan, ekainak 28, izan zen lehiaketaren sari banaketa, Sanagustin kulturgunean. Balkoi eta leiho lehiaketaren irabazlea Ines Azpiazu izan da, eta Loiolabide 29 helbidean ikus daiteke haren balkoia; merkatariei zuzendutako erakusleiho lehiaketa, berriz, Kontxi arrandegiak irabazi du. Bi irabazleek oroigarri bana eta 300 euroko saria eskuratu dituzte. Kontxi arrandegiak, gainera, erakusleihoen kategoriako herritarren saria ere bereganatu du; Bertan Merkatari Elkartearen Facebook orrialdean "atsegin dut" gehien jaso dituen saltokia izan da, eta 200 euroko saria eta beste oroigarri bat eskuratu ditu, epaimahaiaren sariaz gain.

Balkoien eta leihoen mailako bigarren saria, Lurdes Altunarentzat izan da, Urrestillako Antxieta Arbiondo baserriko dekorazioagatik. Erakusleihoen mailako bigarren saria, berriz, Ilargi mertzeriarentzat izan da. Biek ala biek, 150 euroko saria eta oroigarri bana lortu dituzte. 

Lehenengo aldiz antolatu dute Bertan Merkatari Elkarteak eta Azpeitiko Udalak I. Udaberriko erakusleiho, balkoi eta leiho lehiaketa, eta guztira, hamahiru pertsonak parte hartu dute lehiaketan.