Damaso auzunea festetan murgildu da

Uztarria.eus 2019ko eka. 29a, 21:30

Damasoko bizilagunek egun osoko festa eguna dute gaur, zapatua. Goizean hasi eta iluntzera arte, hamaika ekitaldi antolatu dituzte. 11:00etan hasi dute jaia txupinazoa bota eta Damax festetako maskota jaitsita. Ondoren, Damasoko lehen patata tortilla lehiaketa jokatu dute auzuneko plazatxoan. Lehiaketako parte hartzaileek tortillak prestatu bitartean, umeentzako jolasak eta Txikien XIV. lasterketa izan dira. Dozenaka haurrek irten dute lasterka, eta auzoan barrena ibilbidea egin ondoren opari, domina eta pintxo eta ur botila bana jaso dituzte. Lasterketa bukatu ostean banatu dituzte tortilla txapelketako sariak. Lehen saria Fernandok eta Jonek jaso dute, eta bigarrena Ioritzek eta Odeik.

Ekitaldi horiez gainera, beste batzuk ere izan dituzte Damasoko festetan: txaranga, merienda, Iago Magoren ikuskizuna... Jaietako eguna bukatzeko, berriz, 20:30ean umeen afaria izango dute, 21:30ean helduena eta 23:00etan musika.