Pilotari bikainak, pareko zaleak

Urola Kostako Hitza 2019ko eka. 28a, 15:01
Hernandez, Ana eta Gurutze Aldalur, eta Ibarzabal, Frontoi Txikian. (Julene Frantzesena)

Azpeitiak Astigarraga izango du aurkari bihar Gipuzkoako Herriarteko finalean. Beste behin, zaleen babesik ez zaie faltako Ilunpeko pilotariei Atano III.a frontoian. Irabazi edo galdu, festa ziur izango da.

“Geuria da ta geuria da, geuria da ta geuria da”. Halako kanta herrikoiak entzun ahal izango dira zapatuan ere Atano III.a pilotalekuan. Izan ere, Azpeitiak eta Astigarragak Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren finala jokatuko dute bertan, eta Azpeitiko hainbat zale hitzordua iristeko zain da dagoeneko. Horietako lau dira Iñaki Hernandez (Azpeitia, 1991), Ana Aldalur (Azpeitia, 1962), Jon Ibarzabal (Azpeitia, 1989) eta Gurutze Aldalur (Azpeitia, 1969).

Azkeen urteetan sona handia hartu du Azpeitian Herriarteko Txapelketak, eta horretan eragin zuzena izan dute Ilunpeko pilotariek lortutako emaitzek; izan ere, azken lau urteetan segidan jantzi dute txapela horiek. Bosgarren txapela jarraian lortzeko aukera izango du Azpeitiak zapatuan, eta horretarako zaleen laguntzarik ez zaie faltako Aimar Egigureni, Jakes Elosegiri, Unai Alberdiri, Haritz Larrañagari, Oier Apezetxeari eta Daniel Murgiondori. Hain zuzen ere, Ilunpe elkarteak finalerako 605 sarrera saldu ditu dagoeneko.

Herriartekoaren gorakada

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako partidetan ez ezik, finalean ere zale ugari izaten da. Hernandezen aburuz, zaletasuna “hedatu” egin da, festa bilakatu delako hitzordua. Gauza bera uste du Gurutzek ere: “Herriarteko finalera urte osoan pilota partidarik ikusi ez duten herritarrak ere joaten dira”. Herriartekoak badu xarma lau zaleen arabera, hala nola pilotariek herriaren izenean jokatzen dutelako, herriko pilotariak izaten direlako lehian eta horiek ezagunak zaizkielako herritarrei.

Herriartekoaren gorakadan Ilunperen emaitzek izan dute eragina, Anaren arabera: “Oso emaitza onak lortzen ari dira azken urteetan, baina ikusi beharko litzateke gauzak okerrera joanez gero zer pasatzen den”. Horrez gain, baina, Ilunpeko zuzendaritza berriak eta gurasoek egiten duten lana ere azpimarratu nahi izan dute: “Ikaragarrizko lana egiten ari dira denak, gero eta haur gehiago dabil pilotan Azpeitian, eta horrek guztiak izan du eragina”.

Musika, protagonista

Zaleen olatua hauspotzen jarraitzeko prest dira lau azpeitiarrak, eta zapatuan Atanon izango dira, partida “betiko lekutik” ikusten. Hala dio Ibarzabalek: “Frontoiaren atzealdean, goian, jartzen gara. Leku klabea da, frontoi guztia kontrolatzen delako handik. Eremu hori bete egiten da normalean, Azpeitiko zale gazte ugari jartzen delako han”.

Duela lau bat urte hasi ziren Ibarzabal eta lagunak tronpeta-eta hartuta joaten finalera. «Urteetan ezin izan nuen joan, eta urte hartan tronpeta eramatea otu zitzaidan. Ilunpekoek ere esan zidaten instrumentua eramateko, eta halaxe hasi ginen. Gero, bonboa ere hartu genuen, eta topatu nuen hura joko zuen laguna ere: Julen Labaka. Hura da bonbo-jotzaile ofiziala”. Musikak giroa berotzeko gaitasuna duenik ezin da uka, Anaren eta Gurutzeren arabera: “A zer giroa jartzen duten hauek Atanon! Ikaragarria da!”. Ibarzabalek dioenez, musikaren laguntzarekin, jendetza aritzen da partidan zehar kantuan: “Jendeak eskatzen dituen piezak jotzen ditugu, herritarrak kantuan jartzea delako gure helburua”.

Hala eta guztiz, bada hari kezka sortzen dion gauza bat: “Azken urteetan gazteek ez dituzte hainbeste errespetatzen pilotariak jokatzen ari diren uneak. Guk musika tantotik tantorako tarteetan jotzen dugu, eta tantoa hastean isildu egiten gara. Uste dut errespetatu egin behar direla jokatzen ari diren momentuak”.

Lau zaleek badakite sortzen duten giroak pilotariei ere bultzada ematen diela. “Aldartean derrigor eragin behar die”, esan du Gurutzek. Ildo beretik hitz egin du Ibarzabalek ere: “Alberdik debuta egin zuenean haren anaia gazteak idatzi zidan partidara tronpetarekin joango al nintzen galdezka. Herriarteko finalera bale, baina profesionalen partida batera… Ikustera joango nintzela baina tronpeta ez nuela eramango esan nion [barrez]”.

Pilotarientzat ez ezik, aurkarien zaleentzat ere baliagarria izaten da frontoian sortzen den giroa, lauron iritziz: “Haiek ere kantuan eta beren taldea animatzen aritzen dira. Azpeitiarrek sortutako giroa baliatzen dute”. Hernandezek finalean sortzen den “giro sano eta naturala” nabarmendu du. “Gipuzkoako Federazioa ere gustura izango da Azpeitia finalera iritsi delako”, azaldu du barre artean Ibarzabalek.

Pronostikoa, etxerako

Lau zaleek txapela Azpeitira ekarriko dutela uste dute. Gurutzeren eta Ibarzabalen arabera, hiru eta huts irabaziko du Azpeitiak finala; Anak eta Hernandezek 2 eta 1eko emaitza izango dela uste dute, azken urteetan falta izan duten “pike pixka bat” ederra litzatekeela argudiatuta. “Ondo legoke azken partidara emozio pixka batekin iristea, azken partida irabaztekotan”, erantsi du Ibarzabalek.

Ikusteko dago Atano III.ean zer gertatuko den, baina Azpeitiko zaleak ondo ohituta daudela garbi dago: gozatu egiten dute, gozarazi ere bai, eta txapela herriratuz gero, askoz ere hobe. Hala bada, partidaren ostean herrian egingo den harreran elkartuko dira pilotariak eta zaleak. Festak segitu egingo du.