Bardozeko hilketa matxista salatu dute hainbat lagunek

Uztarria.eus 2019ko eka. 27a, 21:14

Hainbat lagun plazan elkartu dira gaur arratsaldean, joan zen asteartean Bardozen (Lapurdi) izandako hilketa matxista salatzeko. Bikote bat hilik aurkitu zuten haien etxean, eta poliziaren hipotesi nagusiaren arabera, gizonak hil zuen emakumea, eta hark bere buruaz beste egin zuen gero. Basanderiek asanblada feministak deitutako elkarretaratzearekin bat egin dute hainbat herritarrek. Azpeitiko Udalak ere "gogor" salatu du Lapurdiko hilketa matxista.

Astebetean bi emakume hil dituzte Lapurdin. Izan ere, joan den astean Urruñan beste bikote bat topatu zuten bere etxean hilda, eta poliziak hilketa matxista izan zela baieztatu zuen; 83 urteko gizonak 81 urteko emakumea tiroz hil zuen, eta ondoren bere buruaz beste egin zuen gizonak.