Lau izpi, ostadar bat

Uztarria.eus 2019ko eka. 28a, 13:03

LGTBI+ kolektiboaren harrotasunaren eguna da gaur, ekainak 28, eta talde horren parte sentitzen diren lau lagun elkarrizketatu dituzte Ihintza Elustondo eta Anartz Izagirre kazetariek 2019ko ekaineko Uztarria aldizkarirako.

Milaka eta milaka kolore izan ohi ditu ortzadarrak, baina sarritan, haietako batzuek beste batzuek baino distira handiagoa egiten dute. Gaur, ekainak 28, ezkutuan gelditu ohi diren horiek azaleratzeko eguna da; LGTBI+ kolektiboaren harrotasunaren eguna, hain zuzen ere.

Erromako zubia, adreiluz adreilu, etengabe eraikitzen ari den fenomeno koloretsua da, eta Uztarriak haren lau ertz elkartu ditu egungo errealitatearen argazkia osatzeko. Bada lau elkarrizketatuak batzen dituen ezaugarri bat: ausardia. Izan ere, hedabide honek ezezko bat baino gehiago jaso ditu erreportaje hau osatzeko protagonistak bilatzerakoan. Horrek agerian uzten ditu oraindik ere normaltasunera bidean herrian egiteko dauden urratsak. Are gehiago: gazteak helduak baino errazago animatu dira beren esperientziak kontatzera. Eta emakume helduaren profila izan da bilatzen zailena.

Ukaezina da azken urteetan LGTBI+ kolektiboa hartzen ari den ikusgarritasuna eta kolektibo horrek gizartean duen onarpena areagotzen ari direla. Abanikoa zabaltzen ari da pixkanaka; gero eta gehiago dira beren burua gizarteak eraikitako moldeetatik at kokatzen duten herritarrak, aske maitatzeko eta aske bizitzeko hautua egin dutenak. Eta askok uste dezaketenaren kontra, haien esperientziak ez dira izan hain traumatikoak; ez, behintzat, erreportaje honetako lau elkarrizketatuenak.

Eder iturralde: "Ez nuke ezergatik aldatuko bizi izan dudana"

Jaioturtea. 2000. urtea. Bizitokia. Azpeitia. Identitatea. Transexuala.

"Ni Eder naiz, eta 18 urte ditut. Jaio nintzenean, nire sexu organoetara begiratu eta neska nintzela pentsatu zuten, baina denbora pasatu ahala konturatu naiz ez naizela neska, mutila baizik. Beti eduki izan dut susmoren bat edo; nik banekien zerbait bazela, baina ez nekien izena jartzen. Transexualaren etiketa joan den urtean jarri nion neure buruari: 2017ko abendu aldera konturatu nintzen, eta hurrengo urteko martxoan esan nuen.

Aurrez, lekuz kanpo sentitzen nintzen. Besteek emakume bezala zuten bizimodu horrekin ez nuen bat egiten, baina pentsatzen nuen era askotako jendea dagoela, eta ni ezberdina izango nintzela. Hala eta guztiz, pentsamendu horrek ere ez ninduen asetzen. Egun batean, Malagako [Espainia] 22 urteko mutil baten bideoa ikusi nuen, eta hari begira nengoela konturatu nintzen nire bizitza azaltzen ari zela. Mutil transexual bat zen; orduantxe konturatu nintzen mutil hari gertatzen zitzaion gauza bera gertatzen zitzaidala niri.

Gero, kezka izan nuen: ez nekien nola esan gurasoei eta lagunei. Izan ere, ez da ile horia izan eta urdinez margotzea bezalako aldaketa bat. Nahi edo ez nahi, gizarte honetan, asko esan nahi du emakumea edo gizona izateak. Eskutitz bat idaztea erabaki nuen, eta aitari eta amari eman nien. Arrebari, berriz, esan egin nion zuzenean: 'Zuretzat orain arte ahizpa izan naiz, baina hemendik aurrera anaia izango naiz'. Arrebak galdetu zidan ea nola deituko ninduen aurrerantzean, eta Eder esan nion. Segituan onartu zuen; helduei gehiago kostatzen zaie.

Denetarik tokatu zait. Batzuek, ondo hartu naute; beste batzuk, urrundu egin dira; eta beste batzuek, ez dute ez ondo eta ez gaizki hartu. Baina errespetatu egin naute. Ez dut esperientzia oso txarrik izan; baditut transexualak direlako etxetik bota dituzten lagunak.

Behin ingurukoei kontatuta, amari esan nion medikuen prozesua hasi nahi nuela. Justu inguru horretan, Ekai mutil transexualak bere burua hil zuen, eta ondorioz, protokoloa azkartu dute Gurutzetako ospitalean. Lehenik, familia medikuarenera joan nintzen, eta 2018ko ekainean, Gurutzetako ospitaleko endokrinoarengana bideratu ninduten. Uztailaren 20an, psikiatrarekin izan nuen hitzordua, eta hainbat galdera egin zidan: 'Txikitan norekin jolasten zenuen?', 'mutilak edo neskak gustatzen zaizkizu?', 'ba al dago gorrotatzen duzun kolorerik?'. Erantzun nizkion galderak, eta esan zidan nirea nahiko kasu garbia ikusten zuela. Orduan, paper bat eman zidan, NANean izena aldatu ahal izateko balio duena. Nire kasuan, hitzordu bakarra nahikoa izan zen ni mutila naizela frogatzeko, baina ez zen batere erosoa izan han pasatu nuen tratua, ezta hori frogatu beharra izatea ere. Zera esan zidan psikiatrak: 'Zientziak eta teknologiak lagunduta, gure aldetik dena jarriko dugu, baina zu ez zara sekula mutila izango'.

Irail bukaeran, obuluak izoztu nituen, etorkizun batean seme-alabak izan nahi baditut ere. Eta azaroan, testosterona hartzen hasi nintzen. Orain, prozesu horretan jarraitzen dut. Ez dut sexu organoak aldatzeko asmorik. Kuriosoa da, baina jende askok galdetu izan dit ea ebakuntzarik egin behar dudan. Ebakuntza egingo dut, baina ez dut zakilik jarriko, mastektomia egingo dut, bularrak kentzeko. Nik horrekin amaitutzat emango dut nire prozesua.

Gaur egun, lehen baino askoz ere lasaiago nago nire buruarekin. Zeure buruari transexualaren etiketa hori jartzen diozun momentutik, zuk ez duzu zeure burua berdin ikusten, baina jendeak zu berdin ikusten jarraitzen du, eta horrek sortzen dizun antsietatea izugarria da. Izen zaharrarekin deitzeak sekulako ezinegona eta amorrua sorrarazten zidan lehen. Orain, kontua umorearekin hartzen saiatzen naiz.

Egun, gazte transexualen inguruko berriak entzuten ditugu, haiei buruzko erreportajeak irakurri, eta badirudi lehen ez zirela existitzen. Baina hori ez da horrela: prozesu honetan ikusi ditut gurasoak hil arte pausoa emateko zain egon diren transexual helduak.

Bertsolaritza da nire afizioa, eta badut lagun bat bertsolaria dena, German Urteaga, niretzat erreferente izan dena. Nik banekien transa nintzela, baina nire lagunak ez ziren, eta ez nekien norengana jo babes bila, saiatuta ere, kasu askotan ez baininduten edota naute ulertzen. German ezagutzen nuen, eta berak bideratu nau prozesu honetan. Babes handia izan da niretzat.

Jendeak galdetu izan dit, berriz jaio beharko banu, ea zakilduna jaioko ote nintzatekeen. Eta ez, nik naizen bezalakoa izanda izugarri ikasi dut, eta ez nuke ezergatik aldatuko bizi izan dudana".

 

 

Kepa Salegi: "Gazteek gero eta buru irekiagoa dute"

Jaioturtea. 1989. urtea. Bizitokia. Londres. Identitatea. Homosexuala.

"Umetatik desberdina sentitzen nintzen, ez sexualki bakarrik, nire lehentasunak ere oso desberdinak ziren beste mutilenekin alderatuta; mutil guztiek futbola atsegin zuten, eta nik nahiago nituen beste kirol batzuk, tenisa edo igeriketa, adibidez. Dena den, nire umezaroa ez zen oso traumatikoa izan; egia da desberdina bazara beti jotzen dutela askok zure aurka, sudur handia duzulako ez bada, hanka okerra duzulako, edo besterik gabe, desberdina zarelako. Hala ere, nik oso gertuko lagunak nituen, beti babesten nindutenak. Hazten joan ahala, aldatzen joango zarela sinetsarazi nahi dizu zenbaitek, baina nire kasuan, ez zen hala izan, ez nintzen aldatu. Zenbait momentutan baztertuta sentitu izan naiz desberdin izateagatik, gizarteak ezarritako moldeetatik kanpo nengoela sentitzen bainuen.

Nire lehengusina izan zen Azpeitian nire erreferenteetako bat, neska laguna izan zuen urte askoan, eta kritikatua izan zen horregatik. Niretzat oso lagungarria izan zen lehengusinaren kasua, familian ni ez bainintzen izan lehenengo homosexuala. Dena den, uste dut etxean beti jakin izan dutela homosexuala naizela, Barbiekin jolasten nuelako eta abar. Egia da horrek ez duela ezer esan nahi, Barbiekin jolasten duen mutil batek ez du zertan homosexuala izan, baina ni txikia nintzenean jendeak hala ikusten zuen: kolore arrosa eta Barbieak gustatzen baldin bazitzaizkizun, maritxua zinen.

Garai hartan, Azpeitian LGTBI+ kolektiboaren ikusgarritasuna eta onarpena ez ziren handiak. Gaur egun, egoera asko aldatu da, eta jendeak ikuspegia asko ireki du; gazteek gero eta buru irekiagoa dute. Azpeitia herri txikia da, eta txutxumutxuak beti egongo dira presente, baina edozein gairen inguruan, ez homosexualitatearen inguruan bakarrik. Ni, orain, Londresen bizi naiz, baina nire lehengusina duela gutxi ezkondu zen neska batekin Azpeitian, eta hark esan zidan homosexualitatea herrian onartuago dagoela orain. Beti egongo da kobazulotik ateratzen ez den zokormazoren bat, baina esan beharra dago egoera hobetzen ari dela. Herrian erreferente gehiago izateak ere badu eraginik: bikote homosexual bat edo lau egotea ezberdina da, eta gehiago badira, jendeak errazago onartzen du. Halere, Urola bailaran ezagutzen dut armairu barruan jarraitzen duen jendea. Bakoitzaren aukera da armairutik ateratzea. Lehenik eta behin zeure burua onartu behar duzu gizartean onartuta sentitu nahi baduzu, eta norbera da bere prozesuaren jabe.

Bestetik, LGTBI+ kolektiboaren barruan ez da berdina, adibidez, homosexualitateak edo transexualitateak duen onarpena. Nik, gay bezala, ukatze moduko bat sentitzen nuen transexualekiko, baina egun batean mutiletik neska izateko trantsizioa egiten ari zen pertsona bat ezagutu nuen Londresen, eta hark begiak irekiarazi zizkidan. Orduan ikusi nuen transexualitatea ez dela gaixotasuna; jaiotzetik neska sentitzen zen hura, hala zen eta kito. Iruditzen zait LGTBI+ kolektibo barruan badagoela oraindik transexualekiko ukapen hori, batik bat, mutilen artean. Eta gayen barruan ere aurreiritziz jositako jendea dago".

 

 

Irati Agirrezabalaga: "Kolektiboarekin harremana izateak asko lagundu dit"

Jaioturtea. 1997. urtea. Bizitokia. Salamanca (Espainia). Identitatea. Asexuala.

"Lesbiana nintzela ulertu nuen 15-16 urte nituenean, une hartan ez nuen beste aukerarik ikusten nire buruan. Nire lagunei mutil bat erakargarria iruditzen zitzaienean, nik ez nuen sentipen bera izaten, eta hor hasi zen guztia. Hala ere, ez zitzaidan burutik pasatu ere egin garai hartan jendartean lesbiana nintzela esatea. Zirkuko tximuak bailira lez begiratzen nien txikia nintzenean sexu bereko bikoteei, ingurukoek ere sekulako fenomenoa izango balitz bezala ikusten zuten homosexualitatea, eta nola esango nuen, bada, ni lesbiana nintzela.

Dena den, esan beharra daukat pertsonalki inoiz ez naizela baztertua sentitu nire sexu orientazioagatik; izan ere, sekula ez dut horregatik eraso fisikorik edo hitzezkorik jasan. Horrez gain, armairutik ateratzeko prozesua normaltasunez eraman dut; gurasoei normaltasunez kontatu nien dena eta beraiek ere horrela hartu zuten. Gogoratzen naiz garai hartan gai honen inguruko liburu asko irakurtzen nituela, eta guztiek istorio tragiko bat kontatzen zuten armairutik ateratzeko prozesuaren inguruan; nire kasuan ez zen hala izan.

18 urte bete nituenean, Azpeitia utzi eta Salamancara joan nintzen ikastera, eta Iguales LGTBI+ kolektiboarekin harremanetan jarri nintzen. Han konturatu nintzen lesbiana etiketa ere ez zetorrela bat nire izaerarekin. Orduan, jendeak brometan esaten zidan asexuala izango nintzela, baina nik ezetz erantzuten nien, mojen kontua zela hori. Beranduago, jardunaldi batzuetan genero ez binarioko pertsona asexual baten hitzaldia entzuten ari nintzela ohartu nintzen neuk ere pertsona haren ezaugarri antzekoak nituela. Eta orduan konturatu nintzen asexuala nintzela, ez lesbiana. Denbora pasatu ahala, asexual etiketaren ezaugarri guztiak deskubritu nituenean, asexual bierromantikoa nintzela ohartu nintzen; hau da, ez dut sexu erakarpenik sentitzen inorekiko, baina erromantikoki bi generoek erakartzen naute. Jendeak zelibatoarekin lotzen du kontu hori, baina ez da gauza bera, nik ez dut sexurik ez izaterik erabaki, ez da nire aukera. Egia esan, asexuala naizela dakidanetik, errazago identifikatzen ditut txikitako egoerak ere. Dena den, momentu honetan asexuala sentitzen banaiz ere, badakit beste etiketa batzuk ere pasatuko ditudala bizitzan zehar, denbora pasatu ahala.

Asexualen kolektiboan eztabaida dago, batzuek ez baitute asexualitatea LGTBI+ kolektiboaren barruan ikusten, eta asexual askok ere horrela pentsatzen dute. Niretzako, LGTBI+ kolektiboa heteroarautik eta arau heteroerromantikotik at dagoen eta zisgenero (jaiotzean esleitutako sexua eta genero nortasuna bat datozkion pertsona) ez diren orok osatzen dute; izan ere, jazarpen ezberdina jasaten dugu denok arrazoi beragatik. Gainera, zu ozeano batean eta ni baso batean itotzen egoteak ez du esan nahi gutako bat gehiago itotzen ari denik. LGTBI+ kolektiboak zeure identitatearekin hobeto sentitzeko leku seguru bat izan behar du; heteropatriarkatuak nahikoa zapaltzen gaitu desberdin pentsatzen dugun guztiok, ez du zentzurik jazarritako kolektibo bat zu jazartzen ibiltzeak. Niri, pertsonalki, asko lagundu dit kolektiboarekin harremana izateak. Azkenean, zure burua deskubritzen ari zarenean ez baduzu inguruan horrelako babesik, isolatuta sentitzen zara.

LGTBI+ kolektiboaren ikusgarritasunari eta onarpenari dagokionez, Azpeitiko egoera asko aldatu dela iruditzen zait, eta inguruko herri gehienak pasatzen ari diren prozesuan dago Azpeitia ere. Orain, ikusgarritasun handiagoa du LGTBI+ kolektiboak herrian; LGTBI+ fobiaren aurkako egunean, adibidez, bandera erraldoi bat jarri zuten udaletxean, eta hori esanguratsua da. Hala ere, gauza asko daude hobetzeko, horregatik da garrantzitsua LGTBI+ harrotasunaren eguna. Kolektiboak ikusgarritasuna lortzen du egun horietan, eta gure aurkako jazarpenak segitzen duen bitartean, ezinbestekoa da egun hori gure eskubideak defendatzen jarraitzeko".

 

 

Miren P.: "Lehen uste genuen denok heterosexualak ginela"

Jaioturtea. 1979. urtea. Bizitokia. Azpeitia. Identitatea. Homosexuala.

"Ez naiz zehazki gogoratzen noiz jakin nuen heterosexuala ez nintzela; pixkanaka joan nintzen deskubritzen. 17-18 urteren bueltan nituela hasi nintzen konturatzen emakumeak gustuko izan nitzakeela, ordura arte, ez zitzaidan burutik pasatu ere egin. Orain pentsatzen dut lehenago hasiko dela jendea konturatzen edo identifikatzen; nik norbaitekiko zerbait indartsuagoa sentitu arte ez nuen planteatu ere egin, inguruan ere ez bainuen erreferenterik. Txikia nintzela, ez nuen ezer planteatu; gainera, nobioren bat edo beste izan nuen, eta haiekin ere ondo sentitzen nintzen. Emakume bat gustatu zitzaidanean jakingo nuen ziurrenik homosexuala izan nintekeela.

Niretzat ez zen izan ezer traumatikoa; alderantziz, liberatu egin nintzen emakumeak gustatzen zitzaizkidala jakin nuenean. Lagunak ikusten nituen mutilekin txora-txora eginda, eta ni gustura egoten nintzen haiekin ere, baina emakume batengatik zerbait indartsuagoa sentitzera iritsi nintzenean, pentsatu nuen: 'Hauxe da'.

Lagunei berehala kontatu nien, baina etxean pixka bat beranduago, 20 bat urterekin edo. Neuk oso-oso argi izan arte, ez nien kontatu familiakoei; erlazio 'serioago' bat izan nuenean hitz egin nuen horren inguruan etxekoekin. Dena den, ez daukat oroitzapen txarrik, erraza egin zitzaidan ingurukoei kontatzea: denek ondo hartu zuten, baita etxean ere. Nahiko natural bizi izan dut kontua, ez naiz sekula ezkutatzen saiatu.

Nire garaian, ez nuen erreferenterik. Orduan, ez nuen emakume homosexualik ezagutzen, ez behintzat gertutik; gizonen berri gehiago nuen, telebistan ikusita eta. Orain ere gizonen homosexualitateak ikusgarritasun handiagoa du. Zergatik? Ez dakit emakumeok disimulu handiagoz bizi dugun, edo emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak ere zerikusia izan dezakeen horretan. Bi emakumeren arteko harremana disimulatzen ere errazagoa izan da; gure garaian bi mutil eskutik helduta ikustea oso arraroa zen, baina emakumeak ikusi izan ditugu lagunartean ere horrela. Bi emakumeren artean afektua adieraztea normalagoa izan da gizartean.

Dena den, aipatzekoa da orain gauden lekura iristeko, aurreko belaunaldietako jendeak sekulako lana egin duela. LGTBI+ kolektiboaren harrotasunaren egunarekin eta antzeko egitasmoekin lortzen da ikusgarritasuna, eta niri garrantzitsua iruditzen zait horrelako egitasmoak egitea. Bakoitzak bere inguruan aniztasuna askatasunez bizitzearekin ere asko egiten da aurrera, sareak zabaltzen joaten baitira.

Gaur egun, erreferente gehiago dago, eta heterosexuala izateaz aparte, beste aukera batzuk ere badaudela askoz lehenago jakingo du jendeak. Lehen uste genuen denok heterosexualak ginela, eta orain, pentsatzen dut lehen baino naturaltasun handiagoarekin biziko dutela gazteek aniztasuna. Ikusi izan ditut oso bikote homosexual gazteak musu ematen edo eskutik helduta lasai kalean, eta horrek sekulako poza ematen dit.

Egun, normalizatuago dago homosexualitatea, baina oraindik asko dago egiteko. Ezagutzen dut homosexuala dela oraindik guztiz onartu ezinik dabilen nire adineko jendea, baita lantokian ezkutatzen saiatu izan den jendea ere, lanetik botako duten beldurrez. Gainera, iruzkin asko entzuten da oraindik: 'Nik onartzen dut, baina hobe ez bada tokatzen etxean'. Oraindik badu konnotazio negatibo hori homosexualitateak, baina uste dut denbora kontua izango dela hori gainditzea. 'Nire etxean tokatzen bada ez dakit zer egingo dudan' esatetik, 'nahiago ez' esatera badago tartetxo bat, eta horretan, aurrera egin dugu. Gaur egun, gure inguru sozialean zaila da gorrotoz mintzatuko zaizun norbait topatzea.

Ama izan berri naiz, hilabete pasatxoko bikiak ditut, eta beste edozein guraso bezala ematen ari gara prozesua emazteak eta biok. Haurrak erregistratzerakoan izan genuen arazotxo bat, umeak intseminazio bidez jaio zirela ziurtatzen zuen paper bat eskatu zigutelako bion amatasuna frogatzeko, baina gainontzean, gauza polit asko pasatu zaizkigu. Jendeak naturaltasunez esan izan digu: 'Zuek biok oso altuak zarete eta umeak ere hala izango dira'. Edo beste behin, bion familiako kideek izandako gaixotasunen aurrekariak eskatu zizkigun mediku batek, naturaltasun osoz. Normalean gauza txarrak gehiago entzuten diren arren, guri horrelako gauza polit asko pasatu zaizkigula ere esan beharra dago.

Hala eta guztiz ere, ohartu gara genero kontuan oraindik asko dagoela egiteko. Izan ere, etengabe galdetzen digute arrosaz jantzitako umea neska den eta grisez jantzitakoa mutila al den, belarritakorik ez dutelako ea mutilak al diren... Harritu egin nau horrek, eta konturatu naiz arlo horretan lana dagoela egiteko. Uste dut jendearen arazo asko desagertzen joango liratekeela genero etiketak ez balira egongo".