Zabalik da Arkupehotsak egitasmoaren hirugarren edizioan izena emateko epea

Uztarria.eus 2019ko eka. 27a, 16:44
Arkupehotsak egitasmoaren antolatzaileak eta Deus Ez eta Passepartout taldeetako kideak. (Kulturaz Kooperatiba)

Berrikuntza batzuekin dator sasoi berria; izan ere, izen-ematea irekia izango da, kontzertuaren sustapen bideoak grabatuko dituzte eta kontzertuetako bideo horiek Hamaika telebistan ere eskainiko dituzte. Egitasmoan parte hartu nahi duten musika taldeek honako izen-emate orri hau bete beharko dute. Bigarren edizioko parte-hartzaileen artean, bi talde nabarmendu dituzte: Deus Ez-ek bigarren kontzertu bat eskainiko du eta Passepartoutek bideoklipa grabatu.

Kulturaz kooperatibak martxan jarri du sortzaile berriak bultzatzeko xedez garatutako Arkupehotsak egitasmoaren hirugarren edizioa. Berrikuntza batzuekin dator sasoi berria; izan ere, izen-ematea irekia izango da, kontzertuaren sustapen bideoak grabatuko dituzte eta kontzertuetako bideo horiek Hamaika telebistan ere eskainiko dituzte. Dagoeneko zabaldu dute egitasmoan parte hartu nahi duten taldeek izena emateko epea, eta horiek honako izen-emate orri hau bete beharko dute.

Atzo egin zuten hirugarren edizioaren aurkezpena Sanagustin kulturgunean, eta Kulturaz kooperatibako, Kultur Mahaiko eta Udaleko ordezkariez gain, han izan ziren bigarren edizioan parte hartu zuten taldeetatik Kulturazek, Badokek eta Musikazuzeneanek nabarmendu dituzten bi taldetako ordezkariak. Hain zuzen ere, Deus Ez taldeko Koldo Sagarzazu eta Passepartout taldeko Tomas Lizarazu nahiz Jontxu Ape izan ziren agerraldian, Deus Ez-ek bigarren kontzertu bat Sanagustineko agertoki handian eskaintzeko aukera izango duelako eta Passepartout bideoklipa grabatzeko hautatu dutelako.

2011tik hona,  Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatibaren xedeetako bat izan da sortzaile berriei babesa eskaintzea, eta horretarako, hainbat baliabide eskaini dizkie kooperatibak sortzaileei, hala nola kontzertuak ematea, grabaketak egitea, erakusketak jartzea, antzerki sormen egonaldiak egitea eta abar. Arkupehotsak egitasmoa ere bide horretan sortu zuten; batetik, kultur jarduna modu integralean jorratzeko; eta, bestetik, musikaren alorrari zentzua emateko eta musika modu zabalean lantzeko. Horregatik, programazioaz gain, sentsibilizazioa, sormen prozesua, publiko berriaren sustapena eta formazioa landu dituzte. Bestalde, Arkupea izeneko oholtza ere egokitu dute kulturgunean; 2015etik ari ziren guneko arkuaren azpian agertokia atontzen.

Honako lotura honetan irakur daitezke, Arkupehotsak egitasmoaren helburuak, ezaugarriak eta bertan parte hartzeko baldintzak zeintzuk diren. Kulturaz kooperatibaren Arkupehotsak egitasmoak laguntzaile ditu Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Bidelagun ditu, berriz, Badok ataria, MusikaZuzenean eta Hamaika Telebista.