Bardozeko emakumearen hilketa salatzeko elkarretaratzea izango da gaur plazan

Uztarria.eus 2019ko eka. 27a, 14:38

Bardozeko etxe batean (Lapurdi) adineko bikote bat hilik aurkitu zuten asteartean, eta poliziaren hipotesi nagusiaren arabera gizonak emakumea hil zuen. Basanderiek asanblada feministak Bardozeko hilketa salatzeko elkarretaratzea egingo du plazan gaur, osteguna, 19:00etan.

Asteartean bikote bat hilik topatu zuten haien etxean Bardozen (Lapurdi), eta poliziaren hipotesi nagusiaren arabera, gizonak emaztea hil zuen, eta bere buruaz beste egin zuen gero, tiroz. Hilketa matxista salatzeko Basanderiek asanblada feministak elkarretaratzea egingo du plazan gaur, osteguna, 19:00etan. Udalak ere "gogor" salatu zuen atzo Lapurdiko hilketa matxista, eta herritarrei hilketa salatzeko egitasmoetan parte hartzeko deia egin zien.

Astebetean bi emakume hil dituzte Lapurdin. Izan ere, joan den astean Urruñan beste bikote bat topatu zuten bere etxean hilda, eta poliziak hilketa matxista izan zela baieztatu zuen; 83 urteko gizonak 81 urteko emakumea tiroz hil zuen, eta ondoren bere buruaz beste egin zuen gizonak.