Bigarren eskuko azoka egingo dute aurtengo Ipurtargi Festen

Uztarria.eus 2019ko eka. 26a, 14:00

Uztailaren 7an, igandea, izango da jaia, eta artisau azokarekin batera, bigarren eskuko azoka izango da aurten Loiolako zelaietan. Antolatzaileek azokan parte hartzeko deia egin diete herritarrei; interesatuek, ipurtargifest@gmail.com helbidera idatzi beharko dute, uztailaren 6a baino lehenago.

Ipurtargi Fest bosgarren urtez antolatuko dute aurten Loiolako zelaietan, eta antolatzailek berrikuntzak iragarri dituzte. Uztailaren 7an, igandea, izango da aurten festa, eta ohikoa bihurtu den artisau azokaz gain, bigarren eskuko azoka antolatzen ari dira antolatzaileak, eta herritarrei bertan parte hartzeko deia egin diete.

Erabiltzen ez diren arropa, gailu nahiz bestelako gauzak saltzen jarri ahal izango dituzte herritarrek bigarren eskuko azokan, eta interesatuek ipurtargifest@gmail.com helbidera idatzi beharko dute uztailaren 6a baino lehen. Azokan parte hartzeko baldintza, saltzen jarritako gauzei prezio herrikoi bat ezartzea izango da, Ipurtargi Festen antolatzailek adierazi dutenez.

Duela bost urte egin zen lehen aldiz Ipurtargi Fest, eta ordutik, ezagun bilakatu dira herritarren artean bertan egiten diren artisau azoka, emanaldiak eta kontzertuak. Joan den urtean giro bikaina izan zen Ipurtargi Festen. Antolatzaileek oraindik ez dute aurtengo edizioko egitarauaren berri eman.