Urrestillako sanjuanak 2019

Musean, jolasean eta dantzan borobildu zuten Urrestillan San Juan Txiki eguna

Uztarria.eus 2019ko eka. 26a, 12:34

Eguerdian sagardo dastaketa jendetsuarekin hasitako festa eguna iluntzera arte luzatu zuten atzo Urrestillan. Batzuek musean –Iñaki Arizagarentzat eta Ander Kerejetarentzat izan ziren txapelak– eta besteek puzgarrietan jolasean eman zuten San Juan Txiki eguneko arratsaldea, eta iluntzean ikusle ugari elkartu zen Txikuri frontoian AGL dantza eskolako ikasleen erakustaldia jarraitzeko.

Gaur bukatuko dira aurtengo sanjuanak, igande gauerditik plazan tente dagoen lizarra botatzearekin bat. Aurretik, arratsalde erdian hasita, izango da zertaz gozatua jaien azken orduetan. Hau da Urrestillako sanjuanen azken egunaren egitaraua:

17:00. Umeentzako jolasak.

18:30. Patata tortilla lehiaketa.

20:30. Afari-merienda.

Ondoren, zuhaitzaren entierroa.