Hernaniko dantza txapelketako lehen eta hirugarren postuak, Azpeitira

Uztarria.eus 2019ko eka. 25a, 18:09

Dantza suelto txapelketetan lehiatzen diren bikoteek ohorezko postuak pilatzen jarraitzen dute. Atzo, Hernanin, Laura Bastidak eta Ekain Uzkudunek aurtengo sasoiko bigarren garaipena lortu zuten –hilaren 16an Leioan txapela eta zapia jantzi ondoren–, eta Itziar Bastidarentzat eta Anaitz Lizartzarentzat izan zen sanjuanetan urtero jokatzen den txapelketaren hirugarren postua; bien artean sailkatu ziren Iker Belintxon (Lezo) eta Katerin Artola (Oiartzun).

Hernanin elkarrekin lehiatu daitezke beste askotan bereiztuta aritzen diren gazte eta heldu mailako dantzariak. 15 urtetik gorakoak txapelketa berean lehiatzen dira, eta atzokoan zortzi izan ziren parte hartu zuten bikoteak, Sopela, Azkoitia, Azpeitia, Lezo, Oiartzun eta Legazpi ordezkatuz.

Argazkian, ezkerretik eskubira, Itziar Bastida, Anaitz Lizartza, Laura Bastida eta Ekain Uzkudun ageri dira, lortutako garaikurrak aurrean dituztela. (Argazkia: Bizkargi musika eta dantza eskola)