Mintzapraktikakoek oporrak hartu dituzte

Uztarria.eus 2019ko eka. 25a, 12:31

Mintzapraktikako saioetan euskaraz hitz egiten ikasten ari diren herritar taldeek lagunarteko mokadu batekin agurtu dute ikasturtea.

Lau taldetan banatuta jardun dute mintzapraktiketan eta bi euskaldun zaharren laguntza izan dute talde bakoitzean. Egitasmoaren sustatzaileen hitzetan, "ondo merezitako oporrak" hartu dituzte guztiek, bai euskara ikasten ari direnek, bai taldeak dinamizatzen ari diren euskaldun zaharrek. Ikasturtean zehar izan duten "giro ona" nabarmendu dute, eta hori "taldean parte hartzeko eta euskara aise erabiltzeko oinarrizkoa" dela berretsi dute.

Irailean "indarberrituta" itzuliko dira ekinera, euskara landu nahi duten herritarrei horretarako bidea emateko helburuarekin. "Azpeitia herri euskalduna dela esan ohi dugu askotan, baina bada euskara erabiltzeko inguru euskaldunik ez duenik edo kalean erabiltzea lotsa ematen dionik. Horientzako dira bereziki mintzapraktika saioak", gogoratu dute egitasmoaren sustatzaileek.