Arte eta diseinu eskolako ikasleen lanak ikusgai daude Betharram aretoan

Uztarria.eus 2019ko eka. 24a, 13:02

Adi arte eta diseinu eskola elkarteko ikasleek –haurrek zein helduek– ikasturtean zehar landutako eskulanak, margonalak, marrazkiak eta tailak ikus daitezke Betharrameko aretoan. Joan den ostiralean zabaldu zuten erakusketa, eta igandera bitartean izango da zabalik. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara zabalduko dute, eta larunbatean eta igandean, 12:00etatik 14:00etara.

Arte eta diseinu eskolan era askotako ikastaroak eskaintzen dituzte urtean zehar. Saio horien helburua da, besteak beste, kultura eta herritarren arteko harremanak garatzeaz gain, gazteentzako zein helduentzako gero eta ekintza gehiago antzolatzea. Eskolan, hiru ikasgai eskaintzen dituzte: taila egurrean, pintura eta beste teknikak, eta umeentzako marrazketa eta eskulanak. Urtero 80 lagun inguruk ematen dute izena saioetan.