Zalduak ez du lortu Arria II.aren marka hobetzea

Uztarria.eus 2019ko eka. 23a, 00:14
Zaldua gaurko apustuan. (Ibon Errazu)

Zumarragarrak 125 kiloko harri kubikoa 25 aldiz altxatzeko, sei oinbiko ebakitzeko eta sei kilometro korrika egiteko 90 minutu eta 24 segundo behar izan ditu. Marka hobetzeko saiakeran gelditu da gaur Azpeitiko zezen plazan eskaini duen saioa; izan ere, Jose Inazio Orbegozo Arria II.aren denbora –75 minutu eta 14 segundo– hobetzeko erronka urrun gelditu zaio Zalduari.

Xabier Zaldua aizkolari zumarragarrak marka saiakera egin du gaur, 19:00etan hasita, Azpeitiko zezen plazan. 125 kiloko harri kubikoa 25 aldiz altxatzeko, sei oinbiko ebakitzeko eta sei kilometro korrika egiteko 90 minutu eta 24 segundo behar izan ditu. Marka hobetzeko saiakeran gelditu da gaurko saioa; izan ere, Jose Inazio Orbegozo Arria II.ak du lan horiek egiten markarik onena –75 minutu eta 14 segundo–. Gogotik saiatu da Zaldua, baina ez du lortu haren marka hobetzerik; are gehiago, hamabost minutu pasatxo gehiago behar izan ditu aizkolari zumarragarrak.

Harriarekin eta aizkorarekin egin beharreko bi ariketak 59 minututan eta 13 segundotan bukatu ditu, eta gero hasi da zezen plazari bueltaka. Korrika sei kilometro egin ditu, plazari 60 itzuli eman dizkio, eta horretarako 31:11 denbora behar izan du. Bakarka egin du marka saiakera Zalduak, nahiz eta hasieran Arria V.ak eta biek heldu zioten erronkari.

Arria II.aren marka hausten kirolari bat baino gehiago saiatu da, eta kirolari horien zerrendan zazpigarren postuan kokatu da Zaldua gaur lanak egiteko behar izan duen denbora tarteko. Harri-jasotzea, aizkora eta korrika uztartzen dituen proba lehen aldiz Tomas Astigarraga Kataolaza azkoitiarrak egin zuen; hark 87 minutu eta 14 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko. Haren denbora hobetu dute harrezkero hainbat kirolarik. Guztira, zazpik egin dute proba, eta Arria II.ak du markarik onena. haren atzetik daude Joxemari Olasagasti (00:76:26), Nemesio Arregi (00:80:59) eta Joxe Mari Mendizabal (00:84:24); Kortak eta Hondartzak ez zituzten lanak bukatu.

Bestalde, Zalduak lanean ari zen bitartean beste marka bat ezartzen saiatu da Estibaliz Urrutia lasterkaria. Hain zuzen ere, Zaldua oinbiko enborrak mozten hasi denean hasi da Bilboko atleta zezen plazan korrika. Bost kilometro egin ditu korrika, eta 22 minutu eta 46 segundo behar izan ditu horretarako. Urrutiak berak zuen bost kilometroko Euskal Herriko marka; izan ere, 1998an 15 minututan eta 17 segundoan osatu zuen egitekoa.