Herriartekoaren finalean da Azpeitia

Uztarria.eus 2019ko eka. 22a, 12:17
Atzoko partida bateko irudia.

Finalerdiak aise irabazi dituzte Azpeitiko pilotariek; atzo, ostirala, 3 eta 0 hartu zituzten mendean Azkoitiko pilotariak. Izarraitz pilotalekua jendez leporaino bete zen. Astigarraga edo Ataun izango du aurkari Azpeitiak datorren zapatuan, ekainak 29, Donostiako Atano III.a pilotalekuan izango den finalean.

Izarraitz pilotalekuan sekula elkartu den jendetzarik handienetakoa izan zen atzo, ostirala, Azpeitiak eta Azkoitiak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finalerdietako itzulerako partidak jokatu behar zituztela eta. Joanekoan lortutako 2 eta 1eko abantailarekin kantxaratu ziren Azpeitiko pilotariak, eta aldea handitzea lortu zuten horiek; izan ere, Azpeitiak 3 eta 0 hartu zuen mendean atzo Azkoitia.

Lehen partida, kadeteena, Aimar Egigurenek eta Jakes Elosegik jokatu zuten, eta alde nabarmenarekin irabazi zuten: 22 eta 2 bukatu zen partida. Bigarren norgehiagoka ere ildo beretik joan zen; izan ere, Unai Alberdi eta Haritz Larrañaga 22 eta 2 nagusitu ziren. Gainera, lehen partidako tantoekin bigarrenean hamar egitea aise zuen Azpeitiak finalerako txartela eskuratzeko. Hirugarren partidara jokoan ezer ez zutela iritsi ziren pilotariak, eta finalerdietako joanekotik zuten arantza kendu ahal izan zuten azpeitiarrek. Hain zuzen ere, senior mailako partida galdu egin zuten joan zen astean Julen Egigurenek eta Daniel Murgiondok, baina atzo 22 eta 13 nagusitu ziren Azpeitiko pilotariak –Josu Uzkudunek jokatu zuen astelehenean profesionaletan debuta egingo duen Egigurenen ordez–.

Azpeitia bosgarren txapela jarraian lortzen saiatuko da datorren astean Donostiako Atano III.a frontoian jokatuko duen finalean. Oraindik ez dago zehaztuta zein herriren kontrako jokatuko duen partida, Ataunek eta Astigarragak gaur arratsaldean jokatuko baitituzte itzulerako neurketak. Dena den, finala 16:30ean izango da. Bestalde, Azpeitiko pilotariek datorren asteartean entrenamendu saio berezia egingo dute Atano III.a pilotalekuan, 18:00etatik 20:30era bitartean. Finaleko materialaren hautaketa, berriz, partiden egunean bertan egingo dute, 15:30ean hasita.

Azpeitiak iaz zazpigarren aldiz irabazi zuen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Oiartzun 3 eta 0 mendean hartuta. Aurretik, 2004an, 2008an2010ean, 2015ean, 2016an eta 2017an jantzi zuen Herriartekoaren txapela. XXI. mendean txapel gehien jantzi dituen herria da Azpeitia; izan ere, txapelketaren ibilbide osoan lau txapel jarraian eskuratu dituen herri bakarra da.

Hona hemen, atzoko hirugarren partidako azken tantoa: