Iñaki Abaunz: "Fedea baino, bizitza ospatu beharko genuke"

Uztarria.eus 2019ko eka. 21a, 19:09
Iñaki Abaunz, Loiola Zentroko sarrerako eskaileretan. (Ane Olaizola)

2019ko ekaineko Uztarria aldizkaria webgune honetan irakur daiteke dagoeneko, osorik (PDF formatuan, hemen). Herri aldizkariaren 217. zenbaki horretan irakur daiteke, besteak beste, Ane Olaizola kazetariak Iñaki Abaunz Loiola Zentroko zuzendariari egindako elkarrizketa hau.

Deustuko Unibertsitatean Psikologia ikasketak eginda, hango irakaslea izan da hainbat urtetan Iñaki Abaunz (Azpeitia, 1967). Loiolako Santutegian dagoen Loiola Zentroa ireki zutenetik, hango arduraduna da.

Zer eskaintzen duzue Loiola Zentroan?

Jesuiten komunitatearen Fedea, Kultura eta Justizia sarearen barruan dagoen zentroetako bat da Loiola Zentroa, eta hiru balio horiek gizartean nola txerta ditzakegun lantzen dugu. Askotan esaten da fedeak eta justiziaren promozioak elkarrekin joan behar dutela, eta hori nola gauzatu da dugun kezketako bat. Horretarako sortu zen Loiola Zentroa. Irailean bi urte beteko ditugu, eta aurretik Santutegia, Gogartetxea eta aterpetxea bazeuden ere, halako gaiak jorratzen zituen beste zerbitzurik ez zegoen.

Loiola Zentroak lau adar ditu. Batetik, fedea, formazioa eta otoitza lantzen ditugu, eta ildo horretan, parrokietan sortzen diren beharrei erantzuten ere saiatzen gara. Aurtengo sasoian, esaterako, apaizik gabeko liturgien inguruko ikastaroa egin dugu. Zenbaitetan, gainera, otoitzak eta erretiroak egiteko ere elkartzen gara. Bigarren hanka adiskidetzearekin lotuta dago. Gorrotozko egoera batetik barkamenera eta adiskidetasunera iristeko prozesua lantzen dugu adar horretan. Hirugarrena, berriz, hospitalitatea da, eta arlo horretan etorkinekin egiten dugu lan. Kontuan izan behar da, ordea, hau ez dela Caritas, ezta Gizarte Zerbitzuak ere, guk ez baititugu dirulaguntzak ematen. Baina pobrezia era askotakoa izan daiteke, ez bakarrik ekonomikoa. Pertsona batzuk bakarrik sentitzen dira eta norbaitekin hitz egiteko beharra dute, eta horretarako gaude gu. Behar dutenen arabera, egitasmo bat edo beste presta genezake. Kristau latindarrek, esaterako, mezak gaztelaniaz eskaintzeko eskatu izan digute. Horrez gain, faltan sumatzen dute Latinoamerikako elizkizunetan izaten duten giroa; hemengoak hotzak direla diote, eta tarteka hango mezen gisakoak egiten ditugu etorkinekin.

Herritartasun eskolak ere lantzen dituzue zentroan.

Hori da laugarren adarra, gizarteari aurre egiteko ezinbestekoa baita pentsamendu kritikoa izatea. Badirudi gauzak modu bakar batean pentsatu behar ditugula, eta zentzu horretan, muga bat dagoela sumatzen dugu. Era askotara pentsa daiteke, ordea, eta gizarteak beste eredu bat eraikitzeko egin behar du indarra. Norbera ezagutzeko bidean, besteak beste, mindfulness edo adimen emozionalari buruzko ikastaroak antolatu ditugu.

Zer hutsunetatik abiatuta sortu zuten Loiola Zentroa?

Jesuitentzako betidanik izan da garrantzitsua fedea justiziarekin lotzea. Loiolako Santutegiak eukaristiarekin eta liturgiarekin lotutako zerbitzua ematen du; Gogartetxean, berriz, fedea eta sinesmena lantzen dituzte, baina Azkoitiko eta Azpeitiko herritarrei ekarpenak egiteko hutsune bat bazegoela sumatzen genuen. Zentroaren sorreran ez nintzen egon, baina betidanik izan dut lotura handia Loiolarekin. Askotan etortzen nintzen Loiolara, eta aspalditik esaten nuen hemen beste zerbait behar zela. Beti uste izan dut halako proiektu batek bi herriei mesede egingo liekeela. Basilikatik kanpo ere badago bizitza, eta fedea, justizia eta kultura oinarri izanda egin behar diogu horri aurre.

Zer balio lantzen dituzue?

Finean, Nazareteko Jesusen balioek mugitzen gaituzte: adiskidetzea, gupida, gizartearen azken lerroan daudenekiko laguntasuna, gizon-emakume guztien duintasuna, errespetua eta konfiantza lantzen ditugu. Duintasunaren inguruan, gogorra da etorkin askok hainbat unetan bizi dutena; latza da, esaterako, semea medikuarengana eraman eta hark paperik ez duelako semea artatu gabe uztea. Pertsona guztiek dute duintasuna, eta bide horretan jorratzen ditugu balioak, pertsona bere osotasunean ulertzera eta onartzera ailega gaitezen.

Zein dira zure egitekoak Loiola Zentroan?

Hemen egiten diren ekintza guztiak koordinatzen ditut, eta nire erantzukizuna da iristen diren eskaerei irtenbidea ematea. Horrez gain, jendeari harrera egiten igarotzen dut eguna. Askotan, herritarrek beraien arazoak azaltzen dizkidate, eta nik entzun egiten diet haiei. Bide horretan, saiatzen naiz haien ikuspegiarekin bat egiten. Gainera, lanean ez nago bakarrik, ondoan baititut Manu Arrue eta Periko Perez jesuitak eta Ignacio Etxarte Loiola Zentroko zuzendaria eta santutegiko nagusia.

Zer eskatzen dute zentrora jotzen dutenek?

Loiola Zentroa ireki genuenean, harremanetan jarri ginen inguruko parrokiekin, Caritaseko kideekin eta udalekin. Oraindik denbora gutxi daramagu lanean, eta herritarrek ahoz aho jakiten dute hemen gaudela. Horietako askok, gainera, esaten digute orain lortu dutela Loiolarekin konektatzea. Hein batean, hona etorri diren herritarrak ondo tratatuak sentitu dira, guk ez baititugu haiek epaitzen. Gainera, lagundu badiezaiekegu, egin egiten dugu. Konfiantzazko espazio bat bilatzen dute hona etortzen direnek, p-txadaz egoteko lekua baita hau.

Jesusen Lagundiaren zentroa izanik, zuengana jotzen dutenak kristauak al dira?

Inguruko herritarrak etortzen zaizkigu Herritartasun Eskoletara eta mindfulness saioetara, eta ez diegu galdetzen haien sinesmenen inguruan. Hospitalitatearen arloan, esaterako, etortzen diren gehienak musulmanak dira. Esaterako, musulmanek esan izan digute Arkumearen Eguna hemen ospatu nahi zutela, eta posible izan dugunean, ospatu izan dute. Justizia giza-duintasunarekin lotuta dagoen heinean, ez dugu kontuan hartzen hona etortzen diren pertsonek zertan edota zerbaitetan sinesten duten. Bakoitzak bere bidea egiten du, eta hori errespetuz hartzen dugu hemen. Datorren oro da ongi etorria.

Santutegiak, Gogartetxeak edota Loiolako Iñigoren jaiotetxeak osatzen dute Loiolako monumentu multzoa. Puzzlea osatzeko falta zen pieza izan al da Loiola Zentroa?

Ondare multzo handia dago Loiolan, baina Santutegia bakarra da. Lana non egiten dudan galdetzen didatenean, Loiolako Santutegian egiten dudala erantzuten diet. Loiola Zentroa ireki zenean, sumatzen zen justiziaren arloan zerbait egin behar zela, eta egitura hori eman zioten guneari.

Beraz, etengabean zaudete harremanean jesuiten komunitatearekin?

Bai, erabat gaude hartu-emanean. Loiola Zentroko egitasmo eta zerbitzu batzuk, esaterako, Gogartetxean eskaintzen ditugu. Zentzu horretan, Loiola Zentroa ez da gune itxi bat.

Kanpoko eragileek ere antola al ditzakete egitasmoak Loiola Zentroan?

Norbaitek zerbait antolatu nahi badu eta horretarako eskaera bat jasotzen badugu, zer egitasmo den eta hura aurrera eramateko ahalmenik ba al dugun aztertzen dugu. Adibidez, gelak utzi izan ditugu herritarrek bilerak egin ditzaten.

Loiola Zentroan eskaintzen dituzuen zerbitzuak eta zabaltzen dituzuen mezuak herritarrengana iristen direla uste al duzu?

Leku guztietara iristen garela pentsatzea ez da erreala, baina ailegatzen gara pertsona batzuengana, eta poliki-poliki zabaltzen ari da Loiola Zentroaren izena. Gogoratzen naiz hona etorri nintzenean Jesusen Lagundiko hainbat pertsonarekin harremanetan jarri nintzela. Bilboko Ellacuria fundaziora joan nintzen, eta hango zuzendariak esan zidan poliki egin beharko genuela bidea. Iritsiko gara herritarrengana, baina horrek denbora behar du. Saiatzen gara deitzen diguten lekuetara joaten, eta irekita gaude guztiengana. Batzuetan ondo hartzen gaituzte eta besteetan ez; horrelakoa da bizitza.

Askotan esaten da erlijioa eta haren balioak krisian daudela. Herritartasun eskola jendearengana gerturatzeko pausoa al da?

Etortzen direnak gustura sentitzen dira eta berriz errepikatzen dute esperientzia, baina egia da ez direla pertsona asko etortzen. Elizaren errealitatea gogorra da, are gehiago azken hilabeteetan gertatzen ari diren gauzengatik. Baina guk aurrera egin behar dugu, badakigulako herritarrentzat mesedegarriak garela. Ez dakit herritarrek Elizarekiko zer ikuspegi izango duten, baina esaterako, erretorea ondo hartzen dute horiek. Gu ere bide beretik goaz.

Nola uztartu daitezke fedea eta justizia gizartean?

Fedea bizitza da, eta bizitza justiziarekin ez bada uztartzen, oker gabiltza. Fedeak badu tentazio bat; Jainkoa goraipatzera muga dezakegu gure fedea, baina hor geratzen bagara, eguneroko bizitzarekin eta han sortzen diren beharrekin ez dugu bat egingo. Fedea bizitzarekin lotzen ez bada, arazo bat izan dezakegu. Beraz, fedea ospatu baino, bizitza ospatu beharko genuke, bizitza ospatzen ez bada, fedea alboan uzten dugulako. Fedea, bizitza eta justizia elkartu beharko genituzke.

Egungo gizarteak nola ulertzen du fedea?

Asko izan daitezke fedea ulertzeko moduak, baina gehienek ulertzen dute Nazareteko Jesus izan zela, eta sinesmen horrek bizia ulertzeko modu bat sortzen die; beste askorentzat asmakizun hutsa da fedea, eta horien arabera, gizarteak aurrera egiten duen heinean, erlijioek indarra galduko dute, sinesmenek zentzurik ez dutela frogatuko delako. Zera espero dut nik: gizartea garatzen joango dela, baina sinesmenak ez direla desagertuko.

Askotan, jendeak dio kristauak inkoherentzia batean bizi direla; gauza bat esan eta bestea egiten dutela, eta onodrioz, jendea urrundu egiten da erlijiotik. Elizak gauza larri asko egin ditu, baina onak ere bai. Balantzan jarri behar da hori guztia.

Aurtengo ikasturtea amaitzear da. Datorrenerako erronkarik ezarri al duzue?

Zentroaren funtzionamenduak etorkizunean zer bide hartu pentsatzen ari gara. Ikasturtearen amaieran gogoeta egingo dugu, eta orduan hausnartuko dugu jendeari zertan lagundu diogun eta etorkizunean nola landu behar dugun gure zerbitzua. Bestetik, San Inaziok Manresako erromesaldia egin zueneko bosgarren mendeurrena ospatuko dugu 2022an, eta hori ere gainean dugu.