Nazioartean ikasketak egiteko dauden baliabideez hitzaldia eskainiko du Ander Beristainek etzi

Uztarria.eus 2019ko eka. 24a, 10:07
Ander Beristain artxiboko irudi batean.

Asteazkenean, 18:00etan hasita eskainiko du solasaldia, Basazabal jauregian. Ikasketak nazioartean egin ahal izateko martxan diren beka eta dirulaguntza deialdien gaineko informazioa emango du Illinoisko Unibertsitateko irakasleak.

Ikasketak nazioartean egin ahal izateko martxan diren beka eta dirulaguntza deialdien inguruko solasaldia eskainiko du Ander Beristain (Azpeitia, 1993) hizkuntzalariak asteazkenean, Basazabal jauregian. 18:00etan hasita eskainiko du hitzaldia Urbana-Champaignen (Illinois, AEB) kokatuta dagoen Illinoisko Unibertsitateko gaztelania, euskara eta hizkuntzalaritza irakasleak. Azpeitiarrak Ingelesean eta Hizkuntzalaritzan du gradua, eta Hispaniar Hizkuntzalaritzan masterra.

Beristainek herritik kanpo egin ditu ikasketak eta esperientzia zabala du arlo horretan. Hain zuzen ere, hark azaldu duenez, jakintza zabaldu nahi du herritarren artean; hau da, herritarrei ikasketak nazioartean egiteko zer baliabide dauden, zer laguntza eskaintzen dituzten eta zer baldintza bete behar diren azalduko die. "Ikasle askok aprobetxatzen dute Erasmun programa unibertsitateko gradua egiterakoan. Behin egonaldi hori eginda, aukera gehiago ez dagoela uste du jendeak, baina geroz eta laguntza zein aukera gehiago daude gradu ondorengo ikasketak herritik kanpora egiteko", azaldu du Beristainek.