Irekita daude Izarraizko Atea parkeko ur txorroak

Uztarria.eus 2019ko eka. 21a, 16:08
Iazko irudi bat.

Azken asteetan aritu dira prestaketa eta mantenu lanak egiten, eta horiek bukatuta, datozen hilabeteetan izango dira horiek zabalik; irailean edo urrian itxiko dituzte, egueraldiaren arabera. Udalak Izarraizko Atea parkean giza-legez jokatzeko eskatu die herritarrei.

Uda iristearekin batera, gaur zabaldu ditu Udalak Izarraizko Atea parkeko ur txorroak. Erakundeak jakinarazi duenez, astebururako iragarrita dauden tenperatura altuengatik eta egueraldiagatik erabaki du txorroak irekitzea. Azken asteetan aritu dira prestaketa eta mantenu lanak egiten, eta horiek bukatuta, datozen hilabeteetan izango dira horiek zabalik. Hain zuzen ere, irailean edo urrian itxiko dituzte, egueraldiaren arabera.

Udalak parkean giza-legez jokatzeko eskatu die herritarrei. Horri lotuta, hondakinak edukiontzietara ondo sailkatuta botatzeko, parkean zakurrak lotuta edukitzeko eta errespetuz ibiltzeko galdegin du erakundeak. Horrez gain, gogorarazi du ur putzuan ezin dela animaliarik sartu.

2017an zabaldu zuten Izarraizko Atea parkea, eta hasieratik guneak "harrera ona" izan duela esan du Udalak. "Herritar zein bisitari ugari ibiltzen da bertan, eta, uda garaian, ur txorroak izan dira haurrentzat zein gaztetxoentzat erakargarri".