Udalak Urruñako hilketa matxista gaitzetsi du

Uztarria.eus 2019ko eka. 20a, 17:17

Udalak "gogor" gaitzetsi du Urruñan (Lapurdi) astelehenean izandako hilketa matxista, eta Euskal Herriko hiri eta herrietan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Astelehenean hilik aurkitu zuten bikote bat Urruñan, eta hango Poliziak gaur baieztatu du hilketa matxista izan zela.

Astelehenean tiroz hilik aurkitu zuten bikote bat Urruñan (Lapurdi), eta Polizia zer gertatu zen ikertzen aritu da egunotan. Indarkeria matxista kasu bat izan zitekeela adierazi zuen Poliziak ikerketa abiatu bezain laster, baina gaur arte ez dute hipotesia hori baieztatzerik izan. Poliziak gaur ziurtatu duenez, hilketa matxista izan da, eta 83 urteko gizonak 81 urteko emakumea tiroz hil zuen, eta ondoren bere buruaz beste egin zuen gizonak.

Azpeitiko Udalak "gogor" salatu du Urruñan gertaturikoa, eta hildakoen senideei eta gertukoei "babesa eta elkartasuna" helarazi die. Horrez gain, datozen egunetan Euskal Herriko hiri eta herrietan hilketa matxista gaitzesteko egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Horrez gain, Udalak gogorarazi du ez duela "ez Azpeitian eta ez inon" giza eskubideen urraketarik onartuko, eta eskubideen urraketen aurrean herritarrek "modu aktiboan" jardun behar dutela gaineratu du. Bestetik, herritarren batek erasoren bat ikusten badu Udaltzaingora, Ertzaintzara edo larrialdi zerbitzuetara deitzea "ezinbesteko betebeharra" dela azaldu du.