Molde berriko etxebizitzen proiektua garatzen hasi dira herritarrak

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko eka. 20a, 14:38

Aste honetan hasi dira molde berriko etxebizitzen gaineko Azpeitia, elkarrekin bizi! parte hartze prozesuarekin. Udalak martxoan aurkeztu zuen egitasmoa jendaurrean, eta 33 lagunek eman dute prozesuan parte hartzeko izena. Lehen bilera asteartean egin zuten Basazabalen, eta han izan zen Nagore Alkorta alkatea. Hark azaldu duenez, molde berriko etxebizitzen proiektua diseinatzeko prozesuan 30 lagunetik gorak izena eman izanak adierazten du Azpeitian badirela halako etxebizitzak nahi dituzten herritarrak. "Egitasmo hau jauzi berri bat da: batetik, etxebizitza politikan; eta bestetik, erabaki ahalmena herritarrengan ipintzen delako. Esaterako, prozesuan parte hartzen ari diren herritarrek erabakiko duzue behar horiei erantzuteko nolako etxeak behar dituzuen", gaineratu du alkateak.

22 eta 60 urte bitarteko 33 lagunek eman dute parte-hartze prozesuan izena, eta lehen bileran oinarri-oinarria jorratu zuten. Besteak beste, etxebizitzen izaera orokorraz eta kokapenaz hitz egin zuten lehen saioan, Hiritik At kooperatibak gidatuta. Saioaren lehen zatian azalpenak eman zituzten kooperatibako kideek, eta bigarren zatian, hainbat gairen inguruan hausnartzeko eta iritziak trukatzeko aukera izan zuten herritarrek. 

Udako oporraldiaren aurretik egingo dute prozesuko bigarren bilera; hain zuzen ere, uztailaren 2an, asteartez, izango da, 18:30ean hasita, Basazabal jauregian. Bigarren saio horretan molde berrik etxebizitzen erabiltzaileen eta sarrera baldintzen inguruan hitz egin eta hausnartuko dute parte hartzaileek.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu