Elkarrekin Eraikitzen proiektuak ikasturtean zehar eman duena jendarteratu dute

Uztarria.eus 2019ko eka. 19a, 15:37

Aurten seigarrenez, Elkarrekin Eraikitzen proiektua landu dute bailarako bost ikastetxek elkarrekin. Prozesuan zehar, bailarako egitura sozioekonomikoaren errealitatea ordezkatzen duten hainbat eragileren errealitatea ezagutzeko aukera izan dute (40 eragile inguru) 180 ikasle inguruk. Hain zuzen ere, eragile horiek arlo desberdinetan izan ditzaketen helburuei lotutako erronkak aztertzeko eta gertutik ezagutzeko aukera izan dute. Izan ere, ikasleek eskualdeko eragileen errealitatea ezagutu ahal izan dute elkarrizketa eta bisita bidez. Gainera, proiektuak ikasleek iniziatiba hartzea, horiek talde lanean aritzea, komunikazio gaitasunak areagotzea eta abar sustazea du xede.

2018-2019 ikasturtean Elkarrekin Eraikitzen proiektuaren barruan egindako lana gaur plazaratu dute ikasleek nahiz egitasmoaren sustatzaileek, Basazabal jauregian egindako ekitaldian. 11:30etik 13:00etara gauzatu dute jardunaldia, eta han izan dira eskualdeko ikastetxeetako, eragileetako, enpresatako, udaletako eta Iraurgi Berritzeneko ordezkariak. Lehenik, ikasleek landutako prozesuetan bizitako esperientziak eta ikasitakoak azaldu dituzte; ondoren, berriz, ikastetxeetako ikasleek mahai ingurua egin dute. Solasaldi horretan proiektuari buruzko hainbat ondorio azaleratu dute, hala nola proiektuarekin eskualdeko eragile sozioekonomikoen egunerokotasuna ezagutu dutela, eragileekin harremanak izatea "oso positiboa" izan dela, lan egiteko modua berritzea izan dela, proiektua gauzatzeko autonomia izan dutela eta komunikazio gaitasunak asko landu ahal izan dituztela azaldu dute. Hori horrela izanik, irakasleek nahiz ikasleek modu "positiboan" baloratu dute aurtengo Elkarrekin Eraikitzen proiektua.

Elkarrekin Eraikitzen proiektuak Iraurgi Berritzenek –Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentzia– dinamizatzen duen eragileen IB Hezkuntza eta Eragile Sarearen barruan du jatorria; hau da, agentziak eskualdeko eragileen arteko lankidetza bermatzeko artikulatzen duen eragile sarean. IB Sarearen barruko Hezkuntza Gunearen bidez eskualdeko bost ikastetxeren –Azkoitia BHI, Floreaga Ikastetxea, Iraurgi Ikastetxea, Azpeitiko Ikastola Ikasberri eta Urola Ikastola BHI– arteko lankidetza sustatzen du Iraurgi Berritzenek, eta batik bat, DBHn eta Batxilergoan egiten da horretan lan. Hezkuntza Gunearen helburua da gizarteak gaur egun dituen eta etorkizunean izan ditzakeen erronkei aurre egiteko ingurune egokia sortzea. Horretarako, ikastetxeek komunean dituzten beharrak identifikatzen eta horiek asetzeko proiektuak sustatzen dira.

Hona hemen, gaurko ekitaldiko irudi batzuk (Argazkiak: Iraurgi Berritzen eta Azpeitiko Udala):