Olatz Zabaleta: "Bikoiztasunak ez zuen zentzu handirik herritarrentzat"

Uztarria.eus 2019ko eka. 19a, 13:03
Olatz Zabaleta, Azpeitiko Udal Euskaltegiaren zuzendaria.

Euskara Gaitasun Agiria (EGA) desagertzearekin etorriko diren aldaketen eta bere horretan mantenduko diren kontuen errepasoa egin du Zabaletak (Azkoitia, 1978), Azpeitiko Udal Euskaltegiaren zuzendariak.

Euskaltegietan noiztik zenekiten EGA aurten kenduko zutela?

Zurrumurruak lehendik zetozen, baina 2017-2018 ikasturtean jakin genuen aurten deialdi bakarra izango zela, eta bigarren deialdian C1 itxia eta irekia egingo zirela. EGA ateratzeko bi deialdi izaten ziren urtero. Lehena otsailean hasten zen, atariko azterketarekin, eta martxoan bukatzen zen; bigarrena, berriz, iraila eta urria bitartean izaten zen. Matrikulazioa, beti, hilabete lehenago irekitzen zen.

EGA tituluaren jabe direnei eragingo al die EGA azterketa desagertzeak?

Ez, bere garaian EGA atera zuenak titulua badu. Kontua ez da EGA baliogabetzea, baizik eta hemendik aurrera C1 maila lortu nahi duenak HABEren bidez egin beharko duela, deialdi itxiaren edo deialdi irekiaren bidez.

Zer alde dago C1 azterketa egiteko deialdi itxiaren eta irekiaren artean?

C1 irekia EGA bezalakoxea da; hau da, edozeinek dauka azterketara aurkezteko aukera. Deialdi itxira aurkezteko, berriz, derrigorrezko baldintza da euskaltegi batean izena ematea, edozein euskaltegitan, ikastaro bat egitea eta hori gaindituta egiaztatzea, nolabait, azterketara aurkezteko maila. Orain arte, C1 azterketa egiteko deialdi itxiak bakarrik egon dira. Orain, irekiak ere jarriko dituzte, EGA kendu ondoren.

Egokia iruditzen al zaizu EGA kentzea?

Herritarrentzat egokia iruditzen zaigu. Orain arte erakunde bakoitzak bere titulua ematen zuen eta horrek asko nahasten zuen jendea. EGA, HABE, IVAP… azken finean denak Eusko Jaurlaritzaren mende dauden erakundeak dira, eta HABEk eginkizun hori bere gain hartzea normala iruditzen zaigu. Dena den, horrek ekarriko digu aparteko lankarga ere. Ikastaroak antolatzean kontuan hartu beharko ditugu azterketen datak eta horren arabera egokitu beharko ditugu; hala ere, momentuz, antzekoak dira EGAren deialdiek zituzten datak eta C1 irekiarenak. Horrez gain, ikasmateriala ere egokitu beharko dugu, EGAko azterketan egiten ziren hainbat ariketa ez baititugu bere horretan landu beharko.

EGA lortzeko hiru azterketa gainditu behar ziren. Zenbat behar dira C1a lortzeko?

Bi azterketa egun izango dira eta atarikorik ez da egongo. EGAn, lehen egunean atarikoa egin behar izaten zen; hura gaindituz gero, idazmen azterketa zegoen, eta idazmena gaindituz gero, azkenik, ahozkoa. Idazmen azterketan ulermen, berridazketa eta sinonimoen ariketak sartzen ziren, eta C1ak ez du halakorik. C1ean, HABEren maila denetan bezala [B1, B2 eta C2 dira beste hirurak], lau trebetasun jorratzen dira: entzumena, irakurmena,mintzamena eta idazmena. C1en deialdi irekian, lehen azterketa egunean irakurmen eta idazmen azterketak egin beharko dituzte herritarrek. Bi horiek gainditzen badituzte, bigarren egunean entzumen eta mintzamen frogak egin beharko dituzte. Deialdi itxian, berriz, ikasleek entzumena eta irakurmena euskaltegian bertan egingo dituzte, ikastaroan zehar. Gainerakoan, maila bera da C1 bat gainditzeko eta EGA gainditzeko eskatzen dena.

Azken horrekin lotuta, EGA zailegia zela esan izan da, batetik, eta C1arekin aitortutako maila baxuagoa dela ere bai, bestetik. Zer uste duzu zuk?

Maila berekoak dira EGA eta C1. EGAn sartzen ziren eta aipatu ditugun ariketa batzuk, berridazketarena adibidez, tekniko samarrak dira, eta zenbaiti ariketa horiek ongi egitea kostatu egiten zaio. Hala ere, maila idazmenean erakusten da gehienbat, eta idazmen proba zuzentzeko irizpideak mailari dagozkionak dira. Jendeak hitz egingo du eta esango ditu gauzak, baina maila bermatuta dago. Lehen ere egon izan dira Gasteizen EGA gainditzea errazagoa zela esaten zutenak, eta ezagutu ditugu errazagoa zelakoan azterketa egitera Gasteizera joan eta gainditu gabe itzuli direnak ere. Orain, eztabaida pil-pilean dagoenean, esaten dira horrelako gauzak, baina asko dute topikotik.

Joan dira urte batzuk EGA eta C1 azterketak batera egiten hasi zirela ere.

Hamar-hamaika urte egin dituzte batera bi tituluek. 2003-2004 ikasturtean hasi zen HABE 1. eta 2. mailak ematen, eta 2005-2006an sartu zuten 4. maila; horiek dira gaur egun B1, B2 eta C2 maila izenekin ezagutzen ditugunak. 2007-2008 ikasturtean, berriz, Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratua egokitzeko dekretua onartu zuten, eta orduan hasi zen HABE gaur ematen dituen lau mailak eskaintzen, aipatutako hirurei C1 gehituta; EGAren baliokidea, alegia.

Euskaltegietako ikasle asko bi azterketetara aurkezten ziren. Zergatik?

Ikasle dezente aurkeztu izan dira bi deialdietara; baita bi tituluak lortu ere, bai C1, bai EGA. Euskaltegian ibiltzen zirenek EGAra eta C1 itxira, bietara, aurkezteko aukera zuten. Aurrerantzean, ordea, bakarrera aurkeztu ahal izango dira, C1 irekira ala C1 itxira. Orain arteko bikoiztasunak herritarrentzat ez zuen zentzu handirik. HABEk lau mailak ezartzeak onurak ekarri ditu, denek ez baitute C1 edo EGAren mailako titulurik behar. Lanerako baliagarria izango dutelako euskara titulua lortu nahi duten asko etortzen zaizkigu EGA atera nahi dutela esanez, horixe delako ezagutzen duten bakarra. Baina, agian, ez dute EGA behar eta nahikoa dute B2 edo B1 maila egiaztatzea. Hori ere bada euskaltegietan ari garenon egitekoa, ikasleak beharren eta interesen arabera bideratzea. Izan ere, EGA edota C1 maila altuak dira, ingeleseko Advance-aren parekoak; First-a, berriz, B2aren parekoa da.

Garai batean, Batxilergoko ikasleak eta lanerako titulua behar zutenak uztartzen ziren EGA azterketako ikasleen multzoan. Hori aldatu egin da azken urteetan, ezta?

Bai. 2008tik hona, DBHko, Batxilergoko edo goi mailako teknikari ikasketen %50 baino gehiago euskaraz egiteagatik maila bat aitortzen zaie ikasleei; DBHko graduatu titulua lortzen dutenei B1 maila aitortzen zaie, eta Batxilergoa edo goi mailako teknikari titulua dutenei, B2a. Unibertsitate ikasketak euskaraz egiten dituztenei, berriz, C1a edo C2a aitortzen dizkiete.