'Azpeitia Oholtzan' emanaldia izango da bihar plazan

Uztarria.eus 2019ko eka. 21a, 11:30
Azpeitiko Udal Musika Bandaren 150. urteurreneko ekitaldi nagusia 'Oholtzan' saioan eman zuen ETBk.

Bihar, zapatua, Azpeitia Oholtzan musika eta dantza emanaldia izango da plazan, 21:30ean hasita. Herriko hainbat taldek parte hartuko du emanaldian, eta ETBk grabatu egingo du, aurrerago telebistan emateko.

Azpeitia Oholtzan musika eta dantza emanaldia izango da bihar, zapatua, plazan, 21:30ean hasita. Herriko hainbat talde izango dira agertokian, hala nola Azpeitiko Udal Musika Banda, Luis Beltza dantza suelto eskola, Dantzaki dantza taldea, Kbeat ahots taldea, Julian Barrenetxea abesbatza eta Juan Antxieta musika eskola. Azpeitiko Udalak, EITBk eta musika eta dantza taldeek elkarlanean antolatu dute ikuskizuna, eta plazan agertoki handi bat jarriko dute saiorako. Horrez gain, ETBk emanaldia grabatuko du eta aurrerago emango du telebistan.

Ez da ETBk telebistarako emanaldi bat Azpeitian grabatzen duen lehen aldia; izan ere, 2016an, Udal Musika Bandaren 150. urteurrenaren harira, zuzeneko ikuskizun berezi batean parte hartu zuen Azpeitiko hainbat taldek, eta Euskal Telebistak Oholtzan saioan eman zuen ikuskizuna. Bestalde, areto dantzen emanaldi bat baino gehiago grabatu izan dute Soreasu antzokian nahiz Sanagustin kulturgunean.