Edizio onenaren saria jaso du 'Lekaime' filmak The Buddha International Film Festivalen

Uztarria.eus 2019ko eka. 18a, 17:56
Honako hau da 'Lekaime' filmaren egileek jaso duten diploma.

Indiako sariketa horretako sail ofizialean lehiatu da Xanti Rodriguez azpeitiarrak ekoiztutako film laburra, eta lehen aldiz jaso du nazioarteko sari bat. Hori dela eta, "oso gustura" dagoela azaldu dio sortzaileak Uztarria.eus-i.

Xanti Rodriguez azpeitiarrak ekoiztutako eta zuzendutako Lekaime film laburrak sari potolo bat jaso du The Buddha International Film Festivalen. Hain zuzen ere, edizio edo muntai onenaren saria jaso du Lekaimek. Indiako sariketa horretako sail ofizialean lehiatu da Rodriguezek ekoiztutako filma, eta lehen aldiz jaso du nazioarteko sari bat. Hori dela eta, "oso gustura" dagoela azaldu dio sortzaileak Uztarria.eus-i. "Orain arte hainbat jaialditarako hautatu dute Lekaime, baina ez genuen Euskal Herritik kanpo saririk jaso. Beraz, oso-oso gustura gaude, asebeteta".

Magia beltza, nazismoa eta Elizari lotutako haurren bahiketak uztartzen dituen hamazazpi minutu pasako film laburra da Lekaime. Fantasia eta beldurrezko generoak uztartzen ditu lanak, eta hainbat izendapen jaso du estreinatu zutenetik. Sitgeseko Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdian eman zuten lehen aldiz, eta euskarazko film laburrik onenaren saria jaso zuen Eibarko Asier Errasti jaialdian