Adinekoen egoitzetako langileen borrokak ez du etenik

Uztarria.eus 2019ko eka. 18a, 17:43
Joan zen urteko azaroan egin zuten protesta bateko irudia.

ELA sindikatuak 29 greba egun deitu ditu datozen asteetarako; atzo hasi zituzten protestak beharginek eta uztailaren 12ra arte egingo dituzte. Datozen egunetan hainbat mobilizazio egingo dituzte adinekoen egoitzetako nahiz eguneko zentroetako langileek Urola Kostan.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileen gatazka dela eta, beste 26 eguneko greba deialdia egin du ELA sindikatuak. Atzo hasi eta uztailaren 12ra arte, 29 greba egun egingo dituzte Gipuzkoako adinekoen egoitzetako nahiz eguneko zentroetako langileek. Egun horietan hainbat mobilizazio egingo dute beharginek eskualdean, hala nola kontzentrazioak eta auto karabana egingo dituzte eskualdeko hainbat herritan. Gipuzkoako zahar-egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.000 langileren lan baldintzak arautzeko negoziazioaren defentsan ari dira sindikatuak, eta 2017an ekin zioten negoziazioari.

ELAk adierazi duenez, greba txanda berri honen helburua "argia" da: "Gipuzkoako Aldundiak bere gain hartzea duela hilabete ELAk patronalekin lortu zuen akordioa". Atzo hasi zituzten protestak, eta Aldundiaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuen egoitzetako hainbat langilek: "Aldundiak du gatazka hau konpontzeko eskumena, eta gaur egunera arte arduragabekeria osoz ari da jokatzen. Aurreko astekoa da adibide argiena, Eusko Jaurlaritzak deituriko bilerara agertu zirelako patronalak eta sindikatuak, baina espreski deituta zegoen Aldundia ez zen agertu". 

Datozen asteetarako deitutako greba egunetarako honako protesta hauek antolatu ditu ELAk:

  • Bihar, asteazkena: Azkoitiko parrokiaren aurrean kontzentrazioa, 12:00etan.
  • Etzi, osteguna: Kotxe karabana eskualdeko herrietan zehar. Zarauzko Astitik aterako dira, 10:00etan.
  • Ekainak 21, ostirala: Zarauzko udaletxearen aurrean kontzentrazioa, 19:00etan.
  • Ekainak 22, larunbata: Zumaiako Magnolioaren aurrean kontzentrazioa, 19:30ean.