Laura Bastidak eta Ekain Uzkudunek irabazi dute Leioako helduen dantza suelto txapelketa

Uztarria.eus 2019ko eka. 17a, 17:10
Laura Bastida eta Ekain Uzkudun sariekin, atzo Leioan.

Gazteen mailan, berriz, Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza bigarren tokian sailkatu ziren, eta Jone Arriaran eta Eki Aizpuru hirugarrenean.

Laura Bastida urrestildarra eta Ekain Uzkudun azpeitiarra nagusi izan ziren atzo Leioako XIX. Jota (dantza suelto) txapelketaren helduen mailako lehian. Hamar bikote aritu ziren nor baino nor Bizkaiko herriko hitzorduan, Azpeitia, Azkoitia, Bilbo, Bergara, Oiartzun, Lezo, Errezil, Sopela eta Legazpi ordezkatuz, eta Bastidak eta Uzkudunek irabazi zituzten txapela eta zapia; Katerin Artola (Oiartzun) eta Iker Belintxon (Lezo) sailkatu ziren bigarren tokian, eta Sopelako Irati Lopezentzat eta Gorka Granadorentzat izan zen hirugarren saria. Leioakoa ez zen izan asteburuko aurreneko saria Bastida-Uzkudun bikotearentzat; zapatuan, hirugarren sailkatu ziren Errezilen, hango San Antonio festetako Helduen I. Dantza Suelto Txapelketan.

Helduen mailakoa ez ezik, gazteen txapelketa ere jokatu zuten Leioan, eta maila horretako lehian Azpeitiko bi bikotek lortu zituzten sariak: bigarren sailkatu ziren Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza, eta hirugarren postuan gelditu ziren Jone Arriaran eta Eki Aizpuru; Maitane Irurzun (Aduna) eta Gorka Duran (Villabona) izan ziren txapeldunak. Bederatzi bikote lehiatu ziren gazte mailako txapelketan, Azpeitia, Aduna, Villabona, Larraul eta Oiartzun ordezkatuz.