Bosgarren bukatu du Oier Ibargurenek Castellon, zapatuan erori ondoren

Uztarria.eus 2019ko eka. 17a, 13:28
Argazkian, Ibarguren Loinaz Sarian helmugaratzen.

Txirrindulari azpeitiarra sailkapenaren buruan jarri zen bigarren etapa irabazi ostean, baina hurrengo egunean galdu zuen lidergoa, etaparen azken zatian lurrera joanda.

Txirrindularitzaren argi-ilunak bizita itzuliko da Oier Ibarguren (Baque Ideus BH) Castelloko Itzulitik. Ostiralean, sailkapenaren buruan jarri zen azpeitiarra, itzuliko bigarren etapa irabazi ondoren. Zapatuan, ordea, asko okertu ziren kontuak Ibargurenentzat: hirugarren etaparen azken kilometroan erori egin zen, ondorioz denbora askotxo galduta iritsi zen helmugara, eta lidergoa galdu zuen.

Atzo jokatu zuten Volta Castelloko laugarren eta azken etapa; hamaikagarren postua lortu zuen bertan Ibargurenek, eta sailkapen nagusiaren bosgarren tokian amaitu zuen lau eguneko itzulia, Eugenio Sanchez irabazlearengandik 2 minutu eta 24 segundora.