Ilunpe, Berria Txapelketatik kanpo

Uztarria.eus 2019ko eka. 17a, 13:33
Ilunpeko pilotariak Berria Txapelketako partida batean.

Atzo, igandea, jokatu zuten Ilunpeko pilotariek Berria Txapelketaren finalerdietako partida Tolosaren aurka, eta 2-1 galdu ostean finaletik kanpo gelditu dira pilotari azpeitiarrak. Berriaren I. Erremonte Txapelketan, berriz, Joxin Aizpuru Aizpuru II.a azpeitiarra txapeldunorde izan da Goikoetxea V.a bikotearekin batera, Hernanin jokatutako finalean.

 

 

Berria Txapelketaren finaleko txartelak ihes egin die Ilunpeko pilotariei, 2-1 galdu baitzuten atzo, Tolosan, tolosarren aurka. Hiru partida jokatu zituzten guztira: kadete mailan, Iker Egiguren eta Josu Labakak 22-12 galdu zuten partida; jubenil mailan, Unai Alberdi eta Jakes Elosegik 22-15 galdu zuten; azkenik, senior mailako Oier Apezetxeak eta Daniel Murgiondok 17-22 irabazi zuten tolosarren aurka. Beraz, hiru partidatatik bi galduta, Ilunpeko pilotariak Berria Txapelketaren finaletik kanpo gelditu dira.

Berria egunkariak antolatutako txapelketan Euskal Herriko pilota elkarte onenak ari dira parte hartzen, eta ekainaren 22an izango da txapelketaren finala Hernanin. Lehiaren irabazleak 3.000 euro eskuratuko ditu, txapelez eta garaikurrez gain. Txapeldunordeak 2.000 euroko saria izango du, eta hirugarren eta laugarren sailkatuek, 1.000 bana eurokoa.

Aizpuru II.a, Erremontean txapeldunorde

Zapatuan amaitu zen Berriaren I. Erremonte Txapelketa, eta Joxin Aizpuru Aizpuru II.a azpeitiarrak jokatu zuen finala Goikoetxea V.arekin batera Ansa II.a-Arruarte bikotearen aurka, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Ansa II.a-Arruarte bikotea nagusitu zen partidan 40-31 irabazita.