Realak irabazi du infantil nesken Azpeitia Cup txapelketa

Uztarria.eus 2019ko eka. 16a, 20:54

Gaur, igandea, jokatu dute Garmendipe futbol zelaian Azpeitia Cup futbol txapelketako nesken finala, eta lehia estuaren ondoren, Reala izan da garaile finalean. Betisen aurka jokatu dute donostiarrek norgehiagoka, eta 0-0 amaitu da partida; bost minutuko luzapenaren ostean, Realak eta Betisek ez dute golik sartzerik lortu, eta penaltietan erabaki da talde irabazlea. Hirugarren postuan, berriz, Bartzelona gelditu da, eta laugarren postuan Mulier.

Jokalari onenaren saria ere Realera joan da, Maren Lezeta izan da aurtengo edizioko jokalaririk onena. Atezain onenaren saria, berriz, Rayo Vallecano taldeko Vicky Gomezentzat izan da. Zale onenaren saria, Basauriko Kimuak taldearentzat izan da.

Ostiralean hasi zen infantil nesken Azpeitia Cup txapelketa, eta futbolak ez du ia etenik izan Garmendipen gaur eguerdira arte. Euskal Herriko, Kataluniako nahiz Espainiako 36 taldek jokatu dituzte norgehiagokak, eta tartean izan dira Azpeitiko bi futbol taldeak ere; Lagun Onak eta Ikasberri.

Hona hemen infantil nesken Azpeitia Cup txapelketako finaleko argazkiak: (Argazkiak: Azpeitia Cup)