Amaitu da Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea Azpeitian

Uztarria.eus 2019ko eka. 16a, 13:00

Lau egunetako jardunaldien ostean, amaitu da Ikasle Abertzaleakek eta Gazte Koordinadora Sozialistak lehenengo aldiz antolatu duten Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea Azpeitian. Gaur, igandea, azken garbiketa lanak egin dituzte auzolanean, baina atzo, zapatua, egin zituzten azken jarduerak, eta aurreko egunetan bezala, jendetza elkartu zuten saioek. Eguerdian, esaterako, gazte antolakundearen inguruko hitzaldia izan zen Soreasu antzokian, eta hainbat gaztek beraien esperientziak partekatzeko aukera izan zuten han elkartutako ehunka lagunen aurrean. Arratsaldean, berriz, ekitaldi politikoa egin zuen Sanagustin kulturgunean, Batzen gaituen hautua leloa hartuta. Gazteek Droga purpura eta Kontuz! taldeen kontzertuekin eman zieten amaiera topaketei, kulturgunean bertan.

Asteazkenean hasi ziren Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topaketak Azpeitian, herrialde osoko “borondate sozialista” batzeko asmoz. Ordutik, askotariko jarduerak egin dituzte herriko hainbat txokotan: esaterako, hiru egunetan lan saioak egin dituzte Esklabetan, Gaztetxean eta beste zenbait gunetan, eta horrez gain, hezkuntzaz, generoaz, gazte problematikaz eta antolakundeaz eta Euskal Herriko ziklo politikoaz hausnartzeko aukera ere izan dute hitzaldien eta mahai inguruen bidez. Kultur ekintzak ere izan dira egitasmoaren barruan, eta ostiral iluntzean, esaterako, Pobresiak emanaldiaz gozatzeko aukera izan zuten dozenaka lagunek Azoka Plazan. Otorduak ere han egin dituzte topaketetan parte hartu duten gazteek.

Ikusi azken egunetako ekintzen argazkiak, hemen:

(Argazkiak: Gedar)