Xabier Zaldua aizkolariak marka saiakera egingo du zapatuan zezen plazan

Uztarria.eus 2019ko eka. 17a, 10:02
Xabier Zaldua artxiboko irudi batean. (Otamotz)

Hamar arroako harri kubikoarekin 25 jasoaldi egin, sei oinbiko moztu eta sei kilometro lasterka egingo ditu, 19:00etan hasita. Jose Inazio Orbegozo Arria II.ak lan horiek egiteko behar izan zuen 75 minutu eta 33 segundoko denbora hobetzen saiatuko da. Zalduak saiakera egiten duen bitartean beste marka bat jartzen saiatuko da Estibaliz Urrutia lasterkaria; bost kilometro egingo ditu zezen plazan bueltaka.

Xabier Zaldua (Zumarraga, 1978) aizkolariak marka saiakera egingo du zapatuan, 19:00etan hasita, Azpeitiko zezen plazan. Hamar arroako harri kubikoarekin 25 jasoaldi egin, sei oinbiko moztu eta sei kilometro lasterka egingo ditu, eta Jose Inazio Orbegozo Arria II.ak lan horiexek egiteko behar izan zuen 75 minutu eta 33 segundoko denbora hobetzen saiatuko da. Bost bat hilabete daramatza zumarragarrak erronka prestatzen.

Bakarka egingo du marka saiakera Zalduak, nahiz eta hasieran Arria V.ak eta biek heldu zioten erronkari. Kirolariak azaldu duenez, ez du erronkarako aurkaririk aurkitu. Harri-jasotzea, aizkora eta korrika uztartzen dituen proba lehen aldiz Tomas Astigarraga Kataolaza azkoitiarrak egin zuen; hark 87 minutu eta 14 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko. Haren denbora hobetu dute harrezkero hainbat kirolarik. Guztira, zazpik egin dute proba, eta Arria II.ak du markarik onena. haren atzetik daude Joxemari Olasagasti (00:76:26), Nemesio Arregi (00:80:59) eta Joxe Mari Mendizabal (00:84:24); Kortak eta Hondartzak ez zituzten lanak bukatu.

Bestalde, Zalduak saiakera egiten duen bitartean beste marka bat jartzen saiatuko da Estibaliz Urrutia lasterkaria. Hain zuzen ere, Zaldua onbiko enborrak mozten hasten denean hasiko da Bilboko atleta zezen plazan korrika. Hark bost kilometro egin beharko ditu zezen plazan bueltaka. Urrutia Munduko Txapelketan askotan parte hartutakoa da, eta berak dauka Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bost kilometroko errekorra.