Dozenaka gaztetxo elkartu dira Urola Erdiko Zientzia eta Teknologia Azokan

Uztarria.eus 2019ko eka. 14a, 18:12

Bailarako dozenaka gaztetxo Azkoitian batu dira gaur goizean, Iraurgi Berritzenen eskutik Urola Erdiko Zientzia eta Teknologia Azoka egin dute hango eliza atarian. Besteak beste, Iraurgi ikastetxeko, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Urola Ikastola BHIko ikasleek parte hartu dute egitasmoan, eta ikasturtean zehar landu dituzten proiektuak aurkezteko eta erakusteko aukera izan dute horiek. Biologia, informatika, kimika, teknonogia eta zientzia aplikatua oinarri duten hamaika proiektu jarri dituzte erakusgarri gaztetxoek, eta hainbat herritarren ikusmina ere sortu dute horiek. Era berean, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udal ordezkariek ere parte hartu dute ekitaldian, eta besteak beste, diplomak banatu dizkiete ikasleei.

Iraurgi Berrizenek sustatutako Hezkuntza Gunea eragile sarearen barruan egin dute gaurko azoka. Hezkuntza Gunearen helburua da etorkizunean gizarteak izango dituen erronkei aurre egiteko "ingurune egokia" sortzea, eta egun, Azkoitiko eta Azpeitiko bost ikastetxek osatzen dute egitasmoa: Azkoitia BHIk, Floreaga ikastetxeak, Iraurgi ikastetxeak, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik eta Urola Ikastola BHIk.

Aurten, hirugarren urtez garatu dute eskualdeko gaztetxoek zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika gaitasunak sustatzeko proiektua. Aurten, hainbat berrikuntza izan du proiektuak, eta bi fasetan eraman dute aurrera: lehenengo fasean, zientzia eta teknologia alorrei lotutako DBHko eta Batxilergoko irakasleek prestakuntzarako mintegiak jaso dituzte; bigarren fasean, berriz, irakasleek mintegietan jasotakoa eskoletan martxan jarri dute, ikasleek beraien proiektuetan gara ditzaten. Guztira, Urola Erdiko hamar bat irakaslek eta 250 ikaslek parte hartu dute proiektuan.

(Argazkiak: Iraurgi Berritzen eta Azpeitiko Udala)