'Azpeitia, elkarrekin bizi!' prozesuko lehen bilera egingo dute asteartean

Uztarria.eus 2019ko eka. 14a, 14:49

Prozesu parte-hartzailean izena eman dutenekin lehen saioa egingo du Udalak Basazabal jauregian, 18:30ean hasita. Oraindik izena eman ez dutenek bilera horretara joanda izango dute han parte hartzeko azken aukera. Herrian etxebizitza eredu berriak aztertzea eta abian jartzea du helburu egitasmoak.

Azpeitia, elkarrekin bizi! prozesu parte-hartzailea abian du Udalak, herrian etxebizitza eredu berriak aztertzeko eta abian jartzeko helburuarekin. Udalak martxoan zabaldu zuten prozesuan parte hartzeko izen-ematea, eta erakundeak jakinarazi duenez, 30 lagunek egin dute bat egitasmoarekin. Hain zuzen ere, horiekin lehenengo bilera egingo dute datorren asteartean, hilaren 18an, Basazabal jauregian. Izena eman ez dutenek, berriz, bilera horretara joanda izango dute prozesuan parte hartzeko azken aukera. 18:30ean hasiko da saioa.

Udalak gogoratu du azken hilabeteetan hainbat eskaintza egin dituela herriko "etxebizitza beharrei" erantzuteko asmoz, eta horren barruan abiatu du Azpeitia, elkarrekin bizi! prozesua ere. Parte hartzaileek askotariko etxebizitza ereduak aztertu, definitu eta diseinatuko dituzte prozesuan, eta tokiko garapena sustatzeko espazioak, prozesuak eta estrategiak sortzen dituen Hiritik At kooperatibak gidatuko du egitasmoa.