Rafael Rezabal: "Zoramena izan zen Ekain aurkitu genuen momentua"

Urola Kostako Hitza 2019ko eka. 14a, 13:15

50 urte pasatu badira ere, ondo gogoan du Rezabalek Ekain koba aurkitu zuten unea. Albizurirekin haitzulo barruan emandako besarkada ez du ahazteko; ezta han ikusi zuen guztia ere.

Duela 50 urte, ekainaren 8an, aurkitu zuten Ekain kobazuloa Andoni Albizuri zenak eta Rafael Rezabalek (Azpeitia, 1930). 90 urte eskuarekin ukitzen ari den honetan, alde batera utzita du arkeologia, ez inbidiarik pasatu gabe, ordea.

1969ko ekainaren 8an aurkitu zenuten Ekaingo koba. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Hiru edo lau aldiz pasatuak ginen Sastarrain aldetik, baina beti neka-neka eginda iristen ginen hara, eta hantxe bukatzen genuen buelta. Egun hartan Albizuri eta biok elkartu ginen, eta hark proposatu zidan Sastarrain aldera joatea. Gaur egungo erraztasunik gabe baina tresnak hartuta abiatu ginen. Baserri batean esan ziguten han inguruan bazela zerbait, eta halaxe egin genuen topo metro inguruko sarrerarekin.

Haitzulora sartzean, zerekin egin zenuten topo?

Beti bezala, bakoitza alde banatatik sartu ginen, arrastaka, zerbaiten bila. Ni abiatu nintzen aldean, eskuinean, zuloak-eta estalita zeuden; artzainak animalien beldurrez zuloak tapatzen ibiltzen ziren, eta gu, berriz, horiek zabaltzen. Ireki nuen, bada, zuloa, eta haizea sumatzen nuela esan nion Albizuriri. Zuloa zabalduta, arrastaka sartu ginen barrura, eta ikaragarrizko bobeda ikusi genuen aurrean. Bakoitza alde banatatik abiatu ginen berriz ere, eta… Ikaragarria izan zen orduan bizi izan nuena: horma guztia margoz estalita zegoen. Izugarrizko orrua egin nion Albizuriri. Hark pentsatuko zuen: “Hau erori duk orain ere”. Etorri zenean sekulako besarkada eman genion elkarri. Zoramena izan zen hura, eta berehala atera ginen kobatik, galduta sentitu ginelako.

Jabetu al zineten egin zenuten aurkikuntzaren tamainaz?

Bai, bai, konturatu ginen izugarrizko aurkikuntza egin genuela, bestela ez genien adituei deituko. Dena den, gerora jakin genuen aurkikuntzaren tamaina zenbaterainokoa zen.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.