Zapatuan irekiko dute estali gabeko igerilekua

Uztarria.eus 2019ko eka. 13a, 14:18

Irailaren 15era bitartean egunero izango da irekita. Azken urteetako moduan, egunero, 11:00etatik 20:00etara izango da erabilgarri estali gabeko igerilekua. Uda sasoian hainbat aldaketa izango da estalitako igerilekuan, eta gimnasioa eta saunak zabalik izango dira abuztuan.

Azpeitiko Kirol Patronatuak zapatuan zabalduko du estali gabeko igerilekua, eta irailaren 15a bitartean, astelehenetik igandera, egunero izango da irekita. Azken urteetako moduan, egunero, 11:00etatik 20:00etara izango da erabilgarri estali gabeko igerilekua.

Bestalde, igerileku estalian eta kiroldegian ere aldaketak izango dira uda sasoian. Hain zuzen ere, igerileku estalia itxita egongo da uztailaren 30ean eta 31n eta abuztuaren 1etik 16ra bitartean. Abuztuaren 16tik 31ra bitartean, berriz, honako ordutegi hau izango du estalitako igerilekuak: astelehenetik zapatura, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara; igandeetan, berriz, 09:00etatik 13:00etara izango da erabilgarri.

Igerilekuaren eraikinean kokatuta dauden saunak eta gimnasioa, aldiz, egunero egongo dira zabalik abuztuan, iazko moduan. Kiroldegia itxita izango da uztailaren 30etik abuztuaren 31ra bitartean.