Aritz Etxeberria: "Sufritzen ibili beharrean, erremontea lagatzea erabaki dut"

Uztarria.eus 2019ko eka. 13a, 15:08
Aritz Etxeberria. (A.E.)

Aritz Etxeberria 'Etxeberria IV'.ak (Urrestilla, 1987) duela gutxi jakinarazi zuen erremontea utziko zuela. Garai onak eta txarrak bizi izan ditu kirol ibilbidean, eta erremonteak denetarik eman dio; batez ere, lagunak. Dena den, hari ere eragin dio erremontearen gainbeherak.

Hamahiru urte egin dituzu profesionaletan, eta duela gutxi erremontea uztea erabaki duzu. Zergatik?

Denetariko urteak bizi izan ditut, eta azkenerako, ilusioa galtzen joan naiz. Beste lehentasun batzuk nituen, eta ezin nuen dena bateratu. Denbora gutxiago eskaini behar izan diot erremonteari; horregatik, kantxan ez nuen nik nahi bezala errenditzen, eta pixkanaka, ilusioa galtzen joan naiz. Azkenean, sufritzen ibili beharrean, erremontea lagatzea erabaki dut. 

Beste lehentasun batzuk aipatu dituzu. Maiatzean esan zenuen lana tarteko hartu zenuela erremontea uzteko erabakia.

Bai, orain erremontearen egoera zein den ikusita, heldu beharra dago zerbaiti. Erremontean eta lanean, bietan erdipurdian ibili beharrean, lanean zentratu eta dena ematea erabaki nuen, eta ahal dena egitea erremontean. Hala ere, nahi izaten duzu erremontean ere ondo aritu, lehengo maila berreskuratu, baina ibiltzen ez bazara eta ordu batzuk sartzen ez badituzu, ezinezkoa da. Erre-erre eginda ibiltzeko, nahiago nuen uztea. 

Pena emango zizun erremontea uzteak, ezta?

Bai, txiki-txikitatik gure etxean dena pilota izan da, eta familiako denak hortxe bueltaka ibili gara; partida guztietara autoa beteta joaten ginen. Astebururo partidetara joateko errutina hartuta genuen, eta hori moztea ez da samurra. Neure kontua bakarrik ez da, eta pena handia eman dit. Amak asko bizitzen zuen, eta arrebak, anaiak, emazteak... denek segitzen ninduten.

Erabat utzi duzu erremontea, edo zeure kabuz bada ere aritzen zara?

Laga nuenetik ez dut gehiago zestarik jantzi. Gero, agian, lagunartean-edo ibiliko naiz, baina oraindik ez dut jantzi. Orain, lasai nabil. 

Zure hastapenetara joanez, 2006an egin zenuen debuta, Galarretan. Nola oroitzen duzu egun hura?

Badakit Matxinbentako Igor Agirrezabalarekin jokatu nuela, Matxin IV.aren eta Zubizarretaren aurka. Nik eta Zubizarretak debutatu genuen partida hartan, eta galdu egin genuen. Baina egun ederra izan zen, denok amesten dugun egun horietakoa.

Zer eman dizu ordutik erremonteak?

Lagun asko. Eta momentu ederretan, pila bat disfrutatu dut. Dena den, lesioak tarteko, momentu txar asko ere bizi izan ditut. Baina batez ere, giro ona eta lagun pila bat eman dizkit erremonteak. Horrekin gelditzen naiz. 

Hiru urtean hamalau hilabetez egon zinen geldirik, lesioak tarteko. 

Hiru bat lesio gogor samarrak izan nituen: belaunekoa, eskumuturrekoa eta hanka azpikoa. Momentu onean zaudenean, horrelako zerbait tokatzen bazaizu, dena mozten zaizu. Baina lesioak kirolaren parte dira, eta ikasi egin behar da horietatik. 

2014an bi txapelketa irabazi zenituen: San Fermin torneoa eta Sagardoaren Txapelketa. 2014a izan al zen zure urterik oparoena?

Baietz esan daiteke. Bi txapelketa horiek irabazi nituen, eta gainera, banakakoan oso ondo aritu nintzen. Finalaurrekora iritsi nintzen, eta txapelei baino garrantzia handiagoa ematen diot nik horri. Izan ere, ikusten nuen aukerak banituela; puntu onean harrapatu ninduen urte hark.

Zein da erremontearen gaur egungo egoera?

Lehen, giro polita zegoen erremontearen bueltan. Orduan, erremontistek soldata txiki bat irabazten zuten, eta orain, igerilekura joaten diren herritarrak bezalaxe ibili behar dute; zerbait sinbolikoa baino ez dute jasotzen. Hobby bezala hartu behar duzu, baina gero kantxan maila ez baduzu ematen, sufritu egiten duzu. Horrek kate bat sortzen du. Justu dago erremontea; gazte gutxi joaten da frontoira, apustuak dena jaitsita daude... 

Lehen baino diru gutxiago ematen al du erremonteak?

Bai, bai. Nik ez nituen urterik onenak harrapatu, baina 17-18 urte nituela, geure soldatatxoa eramaten genuen etxera. Orain, agian, huskeria baten truke joan behar duzu Iruñera partida bat jokatzera.

Zerk eragin du urte gutxian halako gainbehera?

Denean gertatu den gauza bera gertatu da: jendeak beste ohitura batzuk hartu ditu. Izan ere, gazteek hainbeste kirol dituzte aukeratzeko... Lehen gazteei erremontera animatzea kostatu egiten bazitzaien, orain are gehiago. Eta atzetik ez dago indarrik, profesional mailan ere batzuentzat bakarrik daude laguntzak... Betiko borroka da.

Zer egin beharko litzateke erremontearen egoera hobetzeko?

Ari dira era guztietako probak egiten, Facebooken bueltan-eta erabat ari dira mugitzen, baina zaila dago gazteria animatzea. Goiko horiek [erakundeek] ere pentsatzen dut pixka bat mugitu behar luketela, dirulaguntza gehiago eman beharko luketela jendea animatzeko.

Aurrerantzean kantxetan egongo ez zaren arren, ikusle bat behintzat, izango al du erremonteak?

Erremontea laga arren, ikustera joan gabe ez naiz geldituko. Kirola utzi nuenez gero, buelta batzuk egin ditut frontoira; lagunak ikusi eta inbidia sano pixka bat ere pasatu dut. Hor ibiliko gara bueltaka.