Karmelo Etxegaraik, Urolak eta Ikasberrik gaur eta bihar egingo dituzte ikasturte bukaerako jaialdiak

Uztarria.eus | Hezkuntza
2019ko eka. 14a, 10:26

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastola BHIk gaur iluntzean kiroldegian egingo dute ikasturte bukaerako jaialdia. Azpeitiko Ikastola Ikasberriko kideek, berriz, egun osoko festaz gozatuko dute bihar.

Iazko jaialdiko irudia.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Herriko ikastetxeak iritsi dira ikasturte bukaerara, eta jaialdiarekin eta egun osoko festarekin bukatuko dute sasoia Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik, Urola Ikastola BHIk eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrik.

Karmelo Etxegaraiko eta Urolako ikasleek nahiz irakasleek jaialdia egingo dute gaur, 19:00etan hasita, kiroldegian. Ehunka umek dantzaz eta kantuz alaituko dute gunea. DBH 1. mailako ikasleak izango dira dantzak egiteko aurrenak, eta ondoren bi urteko ikasleek Waterloo emanaldia eskainiko dute. Horien ostean, hiru urteko ikasleek Musua dantza egingo dute. Segidan, lau urtekoek Gure animaliak emanaldia eskainiko dute, eta bost urtekoek Played a live. Horien ostean kantxara aterako dira Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleak, Lapurdiko polkak egitera. Haien ostean, LH 3 eta 4ko ikasleek The Hypno dantza egingo dute, eta LH 5 eta 6 mailetakoek, berriz, Cai Fora. Urtero legez, jaialdiaren bukaeran, Batxilergoko ikasleei orlak banatuko dizkiete. Ikusle kopurua mugatua da, eta ikastolako kideek azaldu dutenez, dagoeneko banatu dituzte jaialdia ikusteko txartelak familien artean.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, aldiz, bihar egingo dute ikasturte bukaerako jaia. 10:30ean ibilaldi neurtuarekin emango diote hasiera egunari, eta 11:00etan, suziria bota, pregoia irakurri eta aurreskua dantzatuko dute. Ondoren, orlak banatuko dizkiete Batxilergoko ikasleei, eta gero tailerrak, herri kirolak eta kantu ekitaldia izango dira. 12:15ean, berriz, antzerkia eskainiko du hainbat ikaslek.

13:45ean hasiko da gaztetxoen bazkaria (HH3 eta HH6 bitarteko umeak). Gainerako ikasleen, irakasleen eta gurasoen bazkaria, berriz, 14:30ean hasiko da. Bazkalostean, 14:30etik aurrera, Iago Magoaren emanaldia izango da, eta segidan, karaokea. Meriendatzeko tartea ere hartuko dute, eta segidan, aurpegi margoketaz, bitxigintza tailerraz, jolasez eta mus txapelketaz gozatu ahal izango dute. Jaiari bukaera Kupela taldearen erromeriarekin emango diote.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu