Juan Antxieta musika eskolaren jaialdia, klasiko bat

Uztarria.eus 2019ko eka. 13a, 12:45

Ikasturte amaierako jaialdiak, festak eta erakustaldiak bata bestearen atzetik datoz egunotan. Horien artean aspalditik huts egiten ez dutenetako bat da Juan Antxieta musika eskolarena. Klasiko bat, alegia, aurten musika klasikoaren klasiko handiekin hornituta egon dena, gainera. Atzo egin zuten musika eskolako ikasleek eta irakasleek ikasturte amaierako erakustaldia, eta urtero legez, ikus-entzuleek bete egin zuten Soreasu antzokia. Ignacio Arakistain ikasle ohiak bete zituen zeremonia maisuaren lanak, eta Mozarten, Bachen, Chopinen edota Beethovenen doinu ezagunen askotariko moldaketak egin zituzten musika eskolako adin eta maila guztietako ikasleek, irakasleen laguntzarekin.

Zozketako zenbaki saridunak ateratzeko ere baliatu zuten jaialdia Juan Antxietakoek. Azken urteetan bezala, bi heldurentzat eta bi haurrentzat Londresera asteburu pasa zozkatu du musika eskolak, han musikal bat ikusteko sarrerekin batera. 3.489 da saritutako zenbakia eta horren jabeak hamabost eguneko epea du azaltzeko; horrela izan ezean, ordezko zenbakiaren jabearentzat (10.167) izango litzateke saria.