Ehunka lagun elkartu dira Gazte Sozialisten Topaguneko lehen egunean

Uztarria.eus 2019ko eka. 12a, 17:20

Euskal Herriko hainbat txokotako 350 bat lagun elkartu dira gaur, asteazkena, hasi den Gazte Sozialisten Topagunean. Ikasle Abertzaleakek eta Gazte Koordinadora Sozialistak antolatu dute egitasmoa, eta zapatura bitartean hainbat ekintza egingo dute herrian. Besteak beste, lan saioak, hitzaldiak, mahai inguruak, ikuskizunak edota kontzertuak egingo dituzte herriko hainbat gunetan. Gaur goizean, esaterako, Esklabetan aritu dira lanean gazteak, eta ondoren, Azoka Plazan bazkaldu dute. Afaria ere toki berean egingo dute, eta segidan pailazoen ikuskizuna izango da.

Bihar, berriz, lan eguna izango dute gazteek; izan ere, 10:00etatik 19:00etara egingo dute. Eta ostiralean amaituko dute lan saioarekin. Ostiral arratsaldean eta zapatu goizean hainbat hitzaldi eta mahai inguru egingo dute. Besteak beste, hezkuntzaz, generoaz, gazte problematikaz eta antolakundeaz eta Euskal Herriko ziklo politikoaz eztabaidatzeko eta hausnartzeko aukera ere izango dute gazteek, Soreasu antzokian. Zapatuko bazkari salbu, bazkari eta afari guztiak Azoka Plazan egingo dituzte. Zapatu gauean, berriz, hainbat kontzertu izango da Sanagustin kulturgunean, hala nola Bake faltsua, Rodeo, Droga purpura eta Kontuz! taldeak izango dira kulturguneko agertokian. (Argazkiak: Gedar.eus)

Hona hemen, datozen egunetako egitaraua:

Ekainaren 13a, osteguna.

  • 10:00etatik 19:00etara, lan eguna.
  • 14:00etan, bazkaria.
  • 21:00etan, kantu afaria.

Ekainaren 14a, ostirala.

  • 10:00etatik 13:30era, lanaren amaiera.
  • Ondoren, bazkaria.
  • 16:00etatik 18:00etara, Hezkuntza, genero eta gazte problematika.
  • 18:00etatik 20:00etara, Gazte antolakundea: jarraikortasuna eta hausturak.
  • 21:00etan, afaria.
  • 22:00etan, Pobresiak.

Ekainaren 15a, zapatua.

  • 10:00etatik 12:00etara, prozesu sozialista.
  • 12:30etik 14:30era, mahaingurua: Ziklo politiko berria Euskal Herrian.
  • 14:30ean, bazkari girotua.
  • 19:00etan, kontzertuak: Bake faltsua eta Rodeo Sanagustin kulturgunean.
  • Ondoren, ekitaldi politikoa eta kontzertuak: Droga purpura eta Kontuz!, Sanagustin kulturgunean.