Julen Lopetegi triatletak 23 urtez azpikoen Gipuzkoako Txapelketa irabazi du

Uztarria.eus 2019ko eka. 13a, 11:38

Julen Lopetegi triatletak (Azpeitia, 1996) 23 urtez azpikoen Gipuzkoako Txapelketa irabazi du. Joan den zapatuan egin zen Zarauzko triatloiaren barruan jokatu zen txapelketa. Lopetegi 24. postuan sailkatu zen gizonezkoen probaren sailkapen nagusian; 4 ordu, 21 minutu eta 30 segundo behar izan zituen azpeitiarrak triatloia osatzeko, eta bere adin tarteko gipuzkoarrik onena izan zen. Aurtengoa bigarren parte hartzea zuen Lopetegik Zarauzko proba ezagunean, eta iazkoarekin alderatuta, "gustura" gelditu da egindako lanarekin.

Zarauzkoa denboraldiko hirugarren triatloia izan da azpeitiar gaztearentzat. Marbellakoa (Espainia) eta Iruñekoa eginak zituen aurretik, eta haietan ere emaitza oso onak lortu zituen: Marbellakoan, 18 eta 24 urte artekoetan Distantzia Erdiko Munduko Ironman Txapelketa jokatu ahal izateko txartela lortu zuen –Nizan (Frantzia) jokatuko da txapelketa hori, irailaren 7an–; eta Iruñekoan, berriz, 20 eta 24 urte artekoetan onena izan zen, sailkapen nagusian 14. postua eskuratuta.

Argazkian, bizikletako lanean murgilduta ikus daiteke Lopetegi, Zarauzko lasterketan. (Argazkia: Txagatarra).