Hutsik gelditu da Joxe Takolo bekaren 2019ko edizioa

Uztarria.eus 2019ko eka. 11a, 16:55

Proiektu bat aurkeztu dute aurtengo deialdira, baina Udalak adierazi du lan horrek ez duela hainbat irizpide betetzen. Beka hutsik geratuta, batzordeak 3.000 euroko dirulaguntzarekin zer egin aztertzeko tartea hartuko du. Ez da beka hutsik gelditzen den aurreneko aldia. Izan ere, 2006an, 2011n eta 2013an ere ez zuten proiekturik diruz lagundu bekaren sustatzaileek.

Udalak jakinarazi duenez, hutsik geratu da Joxe Takolo bekaren 2019ko edizioa, aurkeztutako proiektuak ez dituelako betetzeko bekaren oinarriak. Proiektu bat aurkeztu dute aurtengo deialdira, Lenin mendiaren igoera eta jaitsiera eskiekin izenekoa, baina erakundeak adierazi duenez, proiektu horrek ez du hainbat irizpide betetzen, hala nola orijinaltasuna eta izaera esploratzailea nahiz berritzailea.

Bekaren batzorde teknikoak maiatzaren 13an egin zuen erabakia hartzeko bilkura, eta han baloratu zuten aurkeztutako proiektua. Beka hutsik geratuta, batzordeak 3.000 euroko dirulaguntzarekin zer egin aztertzeko tartea hartuko du. Ez da beka hutsik gelditzen den aurreneko aldia. Izan ere, 2006an, 2011n eta 2013an ere ez zuten proiekturik diruz lagundu bekaren sustatzaileek.

Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak egiten dute Joxe Urbieta Takolo azpeitiar mendizalearen oroimenezko beka deialdia; 2001ean banatu zuten sustatzaileek aurreneko beka. 2016an inflexio puntu bat izan zuen bekak, eta Lagun Onak Mendi Bazkunak jaso zuen dirulaguntza, "inguruotako mendi zaletasuna ikertzeko eta hori sustatzeko" helburuarekin. Horren ostean, 2017an, indarberrituta egin zuten beka deialdia. Aurten, 3.000 euro zituzten horiek proiekturen bat laguntzeko.

Joxe Takolo beka jaso dutenak

2001: Pumori.

2002: Nanga Parbat 2002.

2003: Elurretako leopardoa.

2004: Trangoko dorreak eta Ametsak mugimenduan noraino? 8c-aren kateraino.

2005: Euskal espedizioa Baintha Brakk.

2006: Hutsik gelditu zen beka.

2007: Mendi Bira 2007: escaladas de alta dificultad alrededor del mundo.

2008: Marokon eskalada.

2009: Eiger Northwand aske, Peru-Huayhuash espedizioa, Piolet kapitaina espedizioa Shisha Pangmara, eta Azkoitiarrak Fitz Roy-n espedizioa.

2010: Patagonia-Fitz Roy espedizioa.

2011: Hutsik gelditu zen beka.

2012: Circo de las inescanables.

2013: Hutsik gelditu zen beka.

2014: Valle del Rolwaling- Nepal: Drangnag Ri (6.804 m) eta Ripimo Shar Glacier.

2015Incognita Patagonia 2015.

2016: Lagun Onak Mendi Bazkuna.

2017: Nun dago nun? espedizioa.

2018: Drangnag espedizioa.