Zapatuan egingo dute udalbatza berria osatzeko kargu-hartze ekitaldia

Uztarria.eus 2019ko eka. 11a, 13:42

12:00etan hasita egingo dute 2019-2023 agintaldian udal ordezkari izango diren hautetsiek kargu-hartze ekitaldia, udaletxeko areto nagusian. Eneko Etxeberria funtzioetan den alkateak Nagore Alkortari emango dio aginte makila. EH Bilduk hamar hautetsi izango ditu hurrengo agintaldian, eta zazpi EAJk. Hamazazpi udal ordezkaritatik bederatzi izango dira berriak.

Azpeitian ere zapatuan, ekainak 15, osatuko dute udalbatza berria. 12:00etan hasita egingo dute 2019-2023 agintaldian udal ordezkari izango diren hautetsiek kargu-hartze ekitaldia, udaletxeko areto nagusian. Eneko Etxeberria ekainaren 26ko udal hauteskundeez geroztik funtzioetan den alkateak –bi agintalditan izan da Azpeitiko alkate– Nagore Alkortari emango dio aginte makila; izan ere, EH Bilduk gehiengo osoz irabazi zituen udal bozak, eta Alkorta izango da Azpeitiko alkatea datorren agintaldian.

EH Bilduk hamar zinegotzi lortu zituen ekainaren 26ko udal hauteskundeetan; EAJk, berriz, zazpi. Amaitzear den agintaldiko hautetsi kopuru bera izango dute, beraz, bi alderdi horiek zapatuan hasiko den udal aro berrian. Dena den, hainbat hautagaik utziko dute udal jarduna: EH Bilduko bostek eta EAJko lauk. Hain zuzen ere, EH Bilduko Eneko Etxeberriak, Mikel Ibartzabalek, Estitxu Elduaienek, Ainhoa Beristainek eta Leire Etxanizek nahiz EAJko Aitor Gorrotxategik, Itziar Lasak, Xanti Gurrutxagak eta Nerea Etxeberriak utziko dute zinegotzi kargua. Bestalde, honako hautetsi hauek lehen aldiz hartuko dute udal zinegotzi kargua: EH Bilduko Nagore Alkortak, Eneritz Albizuk, Mikel Odriozolak, Idoia Arrizabalagak eta Egoitz Arrutik; eta EAJko Ander Ugartek, Izaskun Abaunzek, Jon Beristainek eta Alberto Frantzesenak.

Honako hauek izango dira EH Bilduren eta EAJren udal ordezkariak datorren agintaldian: