Juan Antxieta musika eskolako ikasleek ikasturte amaierako jaialdia egingo dute bihar

Uztarria.eus 2019ko eka. 11a, 14:31
Iazko jaialdiko argazki bat.

Bihar, asteazkena, izango da Klasikomik Juan Antxieta musika eskolako ikasleen ikasturte bukaerako jaialdia, Soreasu antzokian; 19:30ean hasiko da ekitaldia, eta 200 ikasle inguruk parte hartuko dute ekitaldian.

Ikasturte osoan zehar ikasitakoa agertokian erakusteko aukera izango dute Juan Antxieta musika eskolako ikasleek bihar, asteazkena, ikasturte amaierako jaialdia egingo baitute Soreasu antzokian, 19:30ean hasita. Klasikomik izena jarri diote emanaldiari musika eskolako kideek, eta Mari Jose Bikendi eskolako zuzendariaren esanetan, musika klasikoari duen "seriotasuna" kendu nahi izan diote; horregatik, instrumentu klasikoez gain, "bestelako instrumentuak" ere erabiliko dituzte jaialdian.

Guztira, musika eskolako 200 ikasle eta irakaslek parte hartuko dute jaialdian, eta San Martin egoitzako eta Goienetxe fundazioko kideak ere izango dira emanaldian. Gaur, asteartea, egingo dute jaialdiko parte hartzaileek azken entsegua.