Bihar hasiko da infantil nesken Azpeitia Cup txapelketa

Uztarria.eus 2019ko eka. 13a, 18:19
Iazko nesken txapelketako irudi bat.

Euskal Herriko, Kataluniako nahiz Espainiako 36 taldek parte hartuko dute lehian bihartik igandera bitartean. Bihar, 17:00etatik 20:00etara bitartean jokatuko dituzte norgehiagokak Garmendipeko futbol zelaietan. Igandean, 13:15ean hasita jokatuko dute txapelketaren aurtengo edizioko finala.

Joan zen asteburuan kimu mutilek nola, datozen egunetan infantil neskek hala jokatuko dute Azpeitia Cup txapelketa. Bihartik igandera bitartean 36 talde ariko dira nor baino nor lehiaren garaikurraren bila. Euskal Herriko, Kataluniako nahiz Espainiako hainbat taldek jokatuko dituzte norgehiagokak Garmendipeko futbol zelaietan, hala nola Realak, Eibarrek, Lagun Onakek, Anaitasunak, Ikasberrik, Zumaiakok, Athleticek, Bartzelonak, Rayok, Valentziak nahiz Betisek.

Sei taldez osatutako sei multzotan jokatuko dute ligaxka taldeek, eta hamasei sailkatuko dira igandeko azken fasera. Bihar, ostirala, 17:00etatik 20:00etara bitartean jokatuko dituzte norgehiagokak; etzi, berriz, 09:00etatik 20:00etara bitartean; eta igandean 09:00etatik aurrera. Igandean, 12:10ean hasita izango dira finalerdietako bi neurketak, eta 13:15ean jokatuko dute finala.