Imanol Eliasen 984 argazki digitalizatu eta herritarren eskura jarri dituzte

Uztarria.eus 2019ko eka. 10a, 17:52
Eneko Etxeberria alkatea, Itziar Oiarzabal Eliasen alarguna, Jexux Artola Argazki Elkarteko kidea, Joxe Mari Galarraga liburutegiko arduraduna eta Mikel Ibartzabal zinegotzia.

Imanol Elias historialari zenak XX. mendean ateratako 984 argazki digitalizatu ditu Aranzadi zientzia elkarteak, udalaren eskariz. Herriko hainbat gune eta momentu historiko ageri dira irudietan. Udal artxiboan jarriko dituzte argazkiak, herritarrek eskura izan ditzaten.

Imanol Elias historialari zenak XX. mendean hartutako 984 argazki digitalizatu ditu Aranzadi zientzia elkarteak, Azpeitiko Udalaren eskariz. Imanol Elias Odiozola argazki fondoa izena jarri diote artxiboari, eta herritarren eskura jarri dute. Bilduma hori Itziar Oiarzabal Eliasen alargunak eman dio udalari. "Nik ez nekien zer argazki ekarri nituen ere. Niri orduan denak min ematen zidan, eta etxea ere kenduko nukeen. Baina ikusi dut mina ez dela kentzen paperak kendu arren, hori barruan dago". Aurrerantzean, Eliasen dokumentuak gordeta dauden Udal Liburutegiko funtsean izango dira eskuragarri argazkiak, eta han azaldu dituzte gaur bildumaren inguruko xehetasunak Oiarzabalek eta Eneko Etxeberria jarduneko alkateak.

Etxeberriak eskerrak eman dizkio Oiarzabali "halako altxorra" udalaren esku uzteagatik. 2015ean sortu zuten Eliasen dokumentuak biltzen dituen liburutegiko fondoa, eta han antolatu eta sailkatu zituzten Eliasen artxiboak. Horrekin batera, Oiarzabalek Eliasen hainbat argazki eman zizkion udalari, eta papereko formatuan zeudenez, Aranzadi elkartearekin harremanetan jarri zen udala. Horrela, Aranzadik digitalizatu egin ditu irudiak, eta udal artxiboan jarriko dituzte, herritarren eskura. "Publiko egingo ditugu, uste dugulako herritarren ondarea dela. Imanolek Azpeitiaren alde lan egin zuen hainbat arlotan, eta berak egindako lan guztia herriaren esku utzi du, eta herri guztiak gogoratuko du zein izan zen", azaldu du Etxeberriak.

Beti kontsultatu ahal izango den formatu batean jarri nahi izan ditu udalak irudiak; horregatik digitalizatu dituzte. Izan ere, herriko historiaren zati handi bat dago jasota argazkietan, herriko hainbat gune eta momentu historiko ageri baitira: familia bizitzako uneak irudikatzen dituzten argazkiak daude, Azpeitiko eta inguruko festak eta ohiturak ageri direnak, Loiolako santutegia, antzerkia, zezenak… Datu base estilora sailkatu dituzte argazkiak; noiz, non eta zeri ateratako irudiak diren zehaztu dute artxiboan.

Digitalizazioari esker, jatorrizko irudia (positiboa, negatiboa, papera, diapositiba etab.) ondo zainduta egongo dela nabarmendu dute, eta aldi berean, hainbat erabileratako balio dezakeen irudi berria lortu dutela. "Gauzak horrela, XX. mendeari dagozkion irudien bitartez, gure memoria historikoaren zati bat zaindu eta zabaldu ahal izango dugu". Etxeberriak azaldu duenez, Kaitoren bideoak digitalizatzeko lanean ere ari da udala.

Eliasek eskerrak eman dizkio udalari egin duen lanarengatik.