Orkatz kultur elkarteak 26. urteurrena ospatuko du aste honetan

Uztarria.eus | Kultura
2019ko eka. 10a, 11:06

Orkatz kultur elkarteak 26 urte bete ditu aurten, eta hori ospatzeko, hainbat ekitaldi egingo dute asteazkenetik larunbatera bitartean. Kontzertuak, bertso saioa, eta poesia musikatuen emanaldia izango dira.

Orkatz kultur elkartearen 25. urteurreneko irudia.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Orkatz kultur elkarteak 26 urte beteko ditu aurten, eta dagoeneko prestatu dute urtemuga ospatzeko egitaraua. Asteazkenean, ekainak 12, hasiko dituzte ekitaldiak, eta larunbatera –ekainak 15– bitartean hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango da, kultur elkartean bertan.

Asteazkenean, Enarak itzuli dira poesia musikatuen emanaldia izango da, 21:00etan hasita. Ostegunean, kontzertuen txanda izango da: Tupper Ordorika eta Tony Rocket ariko dira zuzenean, 22:00etatik aurrera. Ostiralean, berriz, bertso saioa izango da: Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Jexux Mari Irazu eta Jon Maia ariko dira kantuan, 22:00etan hasita. Larunbatean, musika doinuen artean amaituko dituzte ekitaldiak: Txalainak eta Ziribulo Sound taldeen kontzertuak izango dira, 22:00etan.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu