Herriko gaztetxoen antzerki emanaldiak izango dira gaur Sanagustinen

Uztarria.eus 2019ko eka. 7a, 11:30
Iazko ikasturte bukaerako antzerki emanaldietako irudia.

Alaitz Olaizolak gidatzen duen antzerki tailerreko ikasleek bi obra eskainiko dituzte 18:30etik aurrera, kulturgunean: Hondamendia eta Urrutiko gizakiak. Ikasleei saioetan sortutako ideietatik abiatutako obrak dira kulturgunean ikusi ahal izango direnak.

Herriko hainbat haurrek eta nerabek ikasturte honetako antzerki saioetan ikasitakoa jendaurrean erakutsiko dute gaur, ostirala. Izan ere, hainbat lagunek bi antzezlan eskainiko dituzte 18:30ean hasita, Sanagustin kulturgunean. Talde batek Urrutiko gizakiak lana taularatuko du, eta Hondamendia lana besteak. Ikasleei saioetan sortutako ideietatik abiatutako obrak dira kulturgunean ikusi ahal izango direnak. Hala azaldu du Alaitz Olaizola antzerki tailerreko gidariak: "Gabonen bueltan hasi ginen obrak pentsatzen, ideia jarioak egiten, eta ikasleen proposamenetatik abiatuta osatutako gidoiak dira sortutakoak".

"Spoilerrik egin gabe", bi lanen aurrerapen txiki bat ere egin du Olaizolak: "Hondamendia lanean, ezbehar handi baten ostean gizakia zertara iristen den eta halakoetan zer beldur dituen azaleratuko dute ikasleek; Urrutiko gizakiak obran, berriz, honako hau da galdera: 'Zein da urrutikoa, gu ala Amazoniako indigenak?'".