Emakumeen Txokoko eskaintza jasoko duen eskuorriaren diseinu lehiaketa jarri dute martxan

Uztarria.eus 2019ko eka. 5a, 15:15
Emakumeen Txokoaren ataria.

Herriko emakume ilustratzaile eta diseinatzaileen lanak ikusgarri egitea nahi du Udalak, eta 18 urtetik gorako emakume orok parte hartu ahal izango du lehiaketan. Ekainaren 28a bitartean aurkeztu ahalko dira lanak, Emakumeen Txokoan edo Udaleko Parekidetasun Sailean. Irabazleak 300 euroko diru saria jasoko du. Gainera, sortzailearen diseinua izango du datorren ikasturteko eskaintzaren eskuorriak.

Azpeitiko Udalak eta erakunde horrek kudeatzen duen Emakumeen Txokoak lehiaketa berri bat jarri du martxan; hain zuzen ere, datorren ikasturteko eskaintza iragartzeko erabiliko duten eskuorriaren diseinuaren lehiaketa. Herriko emakume ilustratzaile eta diseinatzaileen lana aintzat hartzea, horri balioa ematea eta ikusgarri egitea nahi dute lehiaketaren sustatzaileek, eta 18 urtetik gorako emakume orok parte hartu ahal izango du. Lanak banaka nahiz taldezka aurkeztu ahal izango dira ekainaren 28a bitartean, Emakumeen Txokoan edo Udaleko Parekidetasun Sailean. Lehiaketa irabazten duen herritarrak 300 euroko diru saria jasoko du, eta berak eginiko diseinua izango du datorren ikasturteko eskaintza jasotzen duen eskuorriak.

Lehiaketarekin emakumeen sormena eta ekoizpen artistiko feminista sustatu nahi du Emakumeen Txokoak, eta herriko emakumeen lanak ikusgarri egitea da lehiaketaren helburua. Aurkeztutako lanen kalitate artistikoa eta informazioa transmititzeko gaitasuna hartuko ditu epaimahaiak kontuan, eta Emakumeen Txokoaren helburuak ondoen agertzen dituen diseinua aukeratuko du. Udalak azaldu duenez, Emakumeen Txokoa espazio feminista da, parte-hartzea bultzatzeko eta parekidetasuna lortzeko bidean baliabideak eskaintzeko topalekua: "Emakume askorentzat leku pribilegiatu eta erreferente bihurtu da. Bertan ahalduntze prozesuak eta programak dinamizatzen dira, eta herritarrei etengabeko formakuntza eskaintzen zaie". Emakumeen Txokoan antolatzen diren ekintzen helburua da emakumeen kontzientzia hartzea sustatzea: "Jendarte berdinzalea lortzeko beharrezkoak diren aldaketak identifikatu eta jendartearen parte-hartzea eta mobilizazioa sustatzea dute xede".

Honako lotura honetan irakur daitezke lehiaketaren oinarriak.