Virginia Imaz: "Oraindik gainditu ez dugun ikasgaia da plazerarena"

Urola Kostako Hitza 2019ko eka. 5a, 13:30
Virginia Imaz. (V.I.)

Clown ezaguna da Virginia Imaz (Donostia, 1962), eta iazko Emakunde sariaren jabe ere bada. Gaur, ipuin erotikoak kontatuko ditu Azpeitiko Emakumeen Txokoan, 17:00etan hasiko den Tuppersex saioaren barruan.

Zer ezaugarri ditu ipuin erotiko batek?

Erotismoaren barruan sentsualitate genitalizatua baldin badago ere, sentsualitate globalago bat existitzen da, azalarekin eta zentzumenekin zerikusia duena. Erotismoa horrela ulertzen baldin badugu, ipuin guztiak izango lirateke erotikoak, guztiak baitira sentipenez jositako bidaiak. Adibidez, ipuin batean, pertsonaia pastel bat egiten ari bada eta narratzaileak osagaiez, usainez eta zaporeez hitz egiten badu, guztioi eragiten dizkigu sentipenak, plazera pizten zaigu. Gertatzen dena da, ipuin erotikoez hitz egitean, egoera sexual bat bilatu nahi dela, ez soilik azalean gauzak sentitzea, baizik eta pixka bat eszitatzea.

Clowna zara, eta jendeari barre eginaraztea da zure zereginetako bat. Umore ukitua al dute zure kontakizunek?

Asko lantzen dut erotismoa umorea baliatuz. Pailazoa naiz, eta saioen helburua da tabua den gai bat lantzea, jendeari lotsa ematen diola jakinda. Inma Merino sexologoak eta genero indarkerian adituak sexurako jostailuak erakutsiko ditu Tuppersex saioan, eta horiek erreminta bat izango dira hainbat gairen inguruan hitz egin ahal izateko: aniztasuna, desira, plazera… Gainera, jendeak galderak egiteko aukera izango du, eta nire nahia da Inmari gai horiek lantzen laguntzea, ikuspegi feminista batetik. Gure asmoa da saioan parte hartzen duten emakumeak erlaxatuta egotea, eta barre egiteak asko lasaitzen du. Jendea lasaitzea da ipuinen bidez lortu nahi dudana, Inmaren atal pedagogikoari babesa emateko eta konfiantzazko klima bat sortzeko. Jendeak zerbait galdetzea edo iruzkin bat egitea nahi badu, aske sentitzea nahi dugu, ez baita epaitua izango.

Nolakoa izango da saioa?

Tuppersex saioa hainbat ataletan banatzen du Inmak, eta zati batetik besterako tarteetan, ipuinak kontatuko ditut nik. Inmak azaltzen dituen gauzekin zerikusia dute nire kontakizunek. Bi atalak txandakatuz, arinagoa egiten da saioa.

Zuk sortutako ipuinak al dira gaur kontatuko dituzunak?

Genero ikuspegia txertatuta duten eta ni eszitatzea lortzen duten ipuin erotiko oso gutxi daude. Eta nola kitzikatuko ditut besteak ni neu kitzikatzen ez banaiz? Horregatik, ipuin batzuk neuk sortutakoak dira, eta beste batzuk, moldatutakoak. Gaur kontatuko ditudan laurak nik sortutakoak dira; haietako bat lagun baten esperientzian oinarritua dago, eta beste hirurak nire fantasietan edo esperientzietan. Nire ipuinak, oro har, ez dira oso esplizituak, erotikoagoak dira pornografikoak baino; izan ere, jendeak pornografia espero du erotismoaz hitz egitean.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren atarian.