Ignaziotar Bideko lehen bi etapak oinez egiteko aukera izango da hurrengo asteburuan

Uztarria.eus 2019ko eka. 4a, 18:05
Ibiltariak Ignaziotar Bidean. (Ignaziotar Lurraldea)

Ignaziotar Lurraldea egitasmoaren barruan antolatu dituzte txangoak, Loiola eta Antio artekoa hilaren 15erako, eta Antio eta Arantzazu artekoa 16rako. Parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena.

Azpeitia eta Manresa (Katalunia) lotzen dituen Ignaziotar Bidearen lehen bi etapak taldean eta oinez egiteko aukera izango da hurrengo asteburuan. Ignaziotar Lurraldea turismoa sustatzeko egitasmoaren barruan antolatu dute ekainaren 15erako eta 16rako plana.

Hilaren 15ean, zapatua, Loiolatik 09:00etan irten eta Zumarragako Antioko baselizaraino iritsiko dira ibiltariak, 19,5 kilometroko ibilbidea osatuta. Igandean, berriz, hilaren 16an, Zumarragatik Arantzazura joango dira; bigarren eguneko ibilaldia ere 09:00etan hasiko da, eta 21,4 kilometro izango ditu ibildeak.

Bi txangoak zein bietako bat egin asmo dutenek aurrez eman behar dute izena; Urola Erdikoei dagokienez, 943-15 18 78 telefonora dei dezakete horretarako, edota info@ignaziotarlurraldea.com helbidera idatzi. Txango bakoitzaren prezioa bost eurotakoa da.